Flotillari elkartasuna adierazteko bildu dira baztandarrak Elizondon

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 19a

Atzo goizean hasi zen Israelgo armada Global Sumud Flotillako ontziak harrapatzen, tartean Hegoa baztandarra zihoan Atlantic Blue itsasontzia. Elizondon elkarretaratzea egin zuten arratsaldean egoera salatzeko, Baztan Palestinarekin plataformak deitua. Adierazi zutenez, ekintzaileak «Israelgo armadaren itsasontzi batean atxiloturik daude eta gose greba hasi dute»

Argazkiak: Aintzane Ariztegi

Plataformako kideek azaldu zutenez, «2006an Hamasek Gazako hauteskundeak irabazi zituen. Israelek, zigor kolektibo gisa, erabateko blokeoa ezarri zien biztanle guziei. Mendebaldeko herrialdeek, gure ordezkariek, bertze behin ere erabakia lagundu, babestu, eta bertze aldera begiratu zuten, estatu genozidarekin negozioak egiten segitzeko».

Ordurako ere, «egoerari buelta eman nahian, 2010eko maiatzaren 22an lehenengo flotilla abiatu zen Gazara, sei itsasontzirekin eta 42 herrialdetako 688 ekintzailerekin. Eraikuntzako materiala eta elikagaia eramateko, blokeoa hausteko eta Israelen inpunitatea salatzeko asmoa zuen. Maiatzaren 31an Israelgo armadak itsasontzia abordatu zuen. hamar ekintzaile hil zituen, sei distantzia motzean tirokatu zituzten, burura. Erasoak 60 zauritutik goiti ere eragin zituen».

Sionisten mezua garbia izan zen: «Israelekin ez da jostatzen. Eta gaurko gezur berberak errepikatu zituen orduan ere, ontzietan Hamaseko eta Al-Qaedako terroristak zeudela erranez. Flotillan parte hartu zuten herrialdeetako agintari eta medio hegemonikoen erantzuna, ezin epelagoa izan zen, lotsagarria, efimeroa. Agintari klaseak ez duen duintasunez eta kuraiaz bete ziren berriz ere ontziak 2011an, 2012an, 2014ean, 2015ean, 2016an, 2018an, 2025ean eta aurten, zortzigarren aldiz».

Atzo goizean hasi zen Israelgo armada zortzigarren flotillako ontziak harrapatzen, «Gazako kostatik 200 kilometrora, nazioarteko uretan. Taldeetan banaturik zegoen 53 ontzietako zibilak atxilotu zituzten, Hegoa zihoan Athlantic Blue itsasontzia ere harrapatu dute. Esperatu dezagun pixka batean, ea zer erranen ote duen Europak orain. Ezer gutti izanen da, zeren Netanyahu solastu da jadanik, eta eman die koartad. Operazioa diskretua eta garbia izan omen da. Palestinarrak ez dira inon agertuko ondoko egunetako deklarazioetan, are gutiago ekintzetan eta Israelen kontrako zigorretan».

Azkenik, «ondoko orduetan, indar sionistek atxilotu duten adiskideen berri, eta Hegoaren berri, izanen duzue. Oraingoz dakigunagatik, Israelgo armadaren itsasontzi batean atxiloturik daude eta gose greba hasi dute. Adi deialdiei, eta segi horrela. Gora Palestina!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun