Ortzegun goizeko gosariarekin hasi zituzten Mozorro Zuriek inauteak, beti bezala, Primi ostatuan. Aurtengo inauteen hasiera, gainera, berezia izan zen, berriki hil den Primi ostatuko Filomena gogoan izan baitzuten Mozorro Zuriek, eta bertso hunkigarria kantatu zioten haren alaba Piliri. Horren ondotik, eskolako lagunekin plazan bildu ziren, eta bizkarrekoak edo puxka-puxkak paratu ondotik, dantzan ibili ziren elkarrekin (Ikusi orduko argazkiak). Eskolako lagunak herri kiroletan ibili ziren gero, eta Mozorro Zuriak, bi taldetan banatuta, baserrietara joan ziren. Arratsean bueltatu ziren herrira.
Ortzirale goizean, berriz, 4. mailatik DBH 2ra bitarteko 44 haur bildu ziren herriko plazan, eta bi taldetan banatuta, Aientsa, Azkilarrea eta Bordalarrea auzoetan baserriz baserri eskean aritu ziren Alazne eta Larraitz musikarien doinuek lagunduta. 1. mailatik 3. mailara bitarteko ikasleek, berriz, herrian egin zuten eskea, eta bildutakoekin arratsaldean merienda egin zuten Ekaitza Elkartean. Mozorro Zuriak, gosaldu ondotik, herrian ibili ziren eskean.
Egun osoa baserri auzoetan pasatu ondotik, 20:30 aldera ailegatu ziren eskolako ikasle zaharrenak herrira, eta haiei ongietorri polita egin zieten Mozorro Zuriek eta gainerako herritarrek Goiko Karrikan. Elkarrekin dantzan aritu ziren. Handik batzuk emakumeen afarira joan ziren, eta bertzeak bertso afarira. Arratsean dantzaldia izan zen Belfast taldearekin.
Larunbat goizean, eskolako haurrek Eguzkialdea auzoan segitu zuten eskean. Eta bitartean, eguerdi aldera, klase aunitzetako mozorroz betetzen hasi zen Goiko Karrika. Arratsaldean, mozorro gehiago bildu ziren plazan, eta Mozorro Zuriekin batera, kalejira egin zuten herritarrek. Ilunabarrean, frontoia goitiraino bete zen Mozorro Zurien herri kirol saioa ikustera. Ikuskizun ederra egin zuten, baita Mozorro Beltzek ere, bildutakoen gozamenerako. Herri kirol saioaren ondotik, Mozorro Zuriek zozketa egin zuten eta sariak Itsaso Bereau, Iñaki Alustiza eta Xabi Agestarentzat izan ziren. Arratsean Mozorro Zuriek Ekaitza Elkartean afaldu zuten eta 00:30etik aitzinera plazan Muxutruk taldearekin dantzaldia izan zen. Jendetza bildu zen arratsean ere, eta aunitzentzat besta igande goizera arte luzatu zen.