Inauteak 2025

«Mozorro Zuri ibiltzeak adin aunitzetako gazteen artean harremanak sortzeko balio du»

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 11a, 09:00

Irati AZPIROZ ERRANDONEA, Arantzako gaztea

«Inauteetan herritar guziak elkartzen gara, eta hori da Arantzako inauteak berezi egiten dituena». Hala dio Irati Azpirozek (Arantza, 2005). Historia ikasten ari da Gasteizen, eta «karrera polita bezain zaila» dela dio. Azterketen bolada bete-betean bildu da Ttipi-Ttaparekin, baina begi bat inauteetara begira du, azterketak bukatuta, inauteetan gozatzea baitu helburu.

Maite ditu inauteak. Eta inauteez galdetuta, «emozioa» da aipatu duen lehenbiziko solasetako bat. Hori sentitu baitu haurra denetik: «Haurrak ginenean, emozionatuak egoten ginen inauteak ailegatzeko esperoan: eskolan, Mozorro Zuriak eskolara joateko deseatzen eta etxean berdin. Gure etxean beti ireki izan dizkiegu Mozorro Zuriei ateak eta dena hagitz hurbiletik bizi izan dut». Mozorrotzeak ere ilusioa egiten zion: «Nerbioso egoten nintzen mozorrotu behar nuelako».

Azken urteotan, ordea, atorra koadroduna eta galtza urdinak eta zuriak dira inauteetako bere trajea, Mozorro Zuri ateratzen baita. 16 urterekin egin zuen estreinaldia. Aitortu duenez,  «gogoarekin, baina hasieran nerbioso» sentitu zen: «Denak gu baino zaharragoak ziren, eta hasieran ttiki eta pixka bat lotsatuta sentitu nintzen». Agudo eman zion buelta egoerari: «Akordeoi soinua hasi orduko, kantari eta solasean hasi ginen, eta denak elkartu ginen. Hagitz esperientzia polita izan zen, gozamena». Gehiago ere erran du: «inauteetan Mozorro Zuri ibiltzeak adin aunitzetako gazteen artean harremana sortzeko balio du eta hori hagitz polita da».

Etxekoen aholkuak gogoan

Etxekoek Mozorro Zuri atera aitzinetik emandako aholkuak ez ditu atzenduak: «Atta urte batean trikitixarekin atera zen eta osaba Joxemari urte aunitzetan Mozorro Zuri». Osabak, alde batetik, «baserrietan ongi egoteko» erraten omen zion, «lotsatua ez ibiltzeko, baina beti errespetua erakusteko eta esker onekoa izateko». Bertzetik, «jatekoa eta edatekoa kontrolatzeko». Eta etxekoen hirugarren gomendioa «mugikorrarekin ez ibiltzeko, eta etxeetan jendeari solasa emateko». Hain zuzen, gogoan dituen aholku horiek aurten lehenbiziko aldiz Mozorro Zuri aterako den Beñat anaiari oroitaraziko dizkio. Berak, berriz, laugarren urtea izanen du, baina hasierako ilusioa galdu gabe aterako da, «beti bezala, gogoarekin». 16 urtetik goitiko 40 bat Mozorro Zuri izanen dira eta bi taldetan banatuak ibiliko dira.

«Herritarren eskuzabaltasun hori gabe, ez litzateke Mozorro Zuririk izanen, eta Arantzako inauteek duten berezitasun hori galduko lukete»

Atea irekitzen dieten herritarrei eskerrak emateko ere probestu nahi izan du tartea: «Euforiko, kontent, nahasiak, mozkorrak… dauden hainbertze gazteri irri batekin etxean sartzen uztea ikaragarria da. Kristoren bihotza dute. Herritarren eskuzabaltasun hori gabe, ez litzateke Mozorro Zuririk izanen, eta Arantzako inauteek duten berezitasun hori galduko lukete». Bidenabar, Beñat eta Andoni Mitxelena akordeoilarien abilidadea goraipatu du, «hoberenak» direla eta «eurekin giroa segurtatua» dutela nabarmenduz. Eta Mozorro Beltzei bertze gonbita: «Joan den urtean aski ikuskizun elegantea eskaini zuten herri kiroletan, eta berriz holako zerbait egin dezatela!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun