Sindikatuko ordezkariek nabarmendu dute, patronatuaren idatzia «atsekabez» hartu dutela, murrizketak «zalantzan» paratu dituztelako. Beren hitzetan «nahasgarriak« diren hainbat puntu argi dituzte beren idatzian.
LABek nabarmendu duenez, KPIa izoztea ez zen patronatuaren proposamena izan, aldebakarrez harturiko erabakia baizik. «Udan soldata igoera aplikatu ahal izan zutela aipatzen dute idatzian, baina garrantzitsua iruditzen zaigu aipatzea soldata igoera hori 21 langilek erreklamazioa extrajudiziala sartu ondotik egin zela. Alegia, salaketa beharrezkoa izan zela hori aplikatzeko».
Besta egunetako plusari dagokionez, sindikatuak nabarmendu du plus hori urte luzez ordaindu dela bai egun hori lan egin denetan, eta baita opor egunetan ere. «Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak oporren ordainketan urtean zehar kobrantzen diren plus aldakorrak ez ordaintzea legez kontrakoa dela ebatzi du», oroitarazi du sindikatuak.
Bajan egoteagatik kobratu beharreko osagarrian aplikatu nahi dituzten murrizketak hala direla berretsi du sindikatuak. «Nahiz eta gaur egun egoitzak soldata %80ra osatzen duen bajan, osagarri hori igotzen joatea onartua zuen patronatuak, azken urteetan osagarri hori %90etik gorakoa izanik».
Gatazka sortu duen azken puntua norberaren aferetarako baimenari dagokiona da. Patronatuak bere oharrean dioenez, hitzarmenean ez dira ageri norbere aferetarako baimenerako egunak. Sindikatuak azaldu duenez, urteak daramatzate bortz egun horiek urtean lan egin beharreko 1592 orduetatik kenduz: «Hori dela eta, egun batetik bertzera patronatuak egun horiek hartzeko zegoen interpretazioa aldatu eta horiek hartzera behartu gaitu».
Zaintza duina aldarrikatzen
Sindikatuko ordezkariek nabarmendu dute langileak ere arduratuta daudela «zaintza duina» izateaz, eta murrizketak aldebakarrez aplikatzea ez dela bidea: «Ez dugu onartuko zahar egoitzako egoera ekonomikoa langileok sostengatu behar izatea».
Gainera, salatu dute antolaketa ereduagatik, langileek osasun fisikoa eta psikologikoa «jokoan» jartzen dutela. Azaldu dute ez dituztela soilik mendekotasun premiak dituzte egoiliarrak artatzen, eta horrek arriskuan paratzen dituela bai egoiliarrak zein langileak. Hori konpontzeko, patronatuari eskatu diote arreta berezia eta premiazko neurriak hartzeko ingurune erosoa lortzeko Bertzalde, garbiketa lanak ere egiten ari direla azaldu du patronatuak hala eskatuta, eta horrek langileen lan karga areagotzen duela eta eragotzi egiten duela langileek egoiliarrei behar duten denbora eta arreta ematea. Azkenik, oroitarazi dute egoitzak funtzio anitzeko ikuspegia duela, baina zuzeneneko arreta «ia desagertu» egin dela, eta ez dutela aukerarik egoiliarrei «kalitatezko zaintza» emateko.
Orain arte izandako babesa eskertzeko, eta herritarrei hemendik aitzinerako urratsen berri emateko, prentsaurrekoa deitu dute heldu den ortziralean, hilaren 29an, 19:00etan egoitzaren atarian.