Mikel Iriate

«Oronozen lanbide eskola egiteko gastua murriztu edo ez eraiki; gobernuak hori nahi du»

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 16a, 08:00

Mikel Iriarte Antxorena, Lanbide eskola berriaren jarraipen batzordeko kidea

Mikel IRIARTE ANTXORENA, Lanbide eskola berriaren jarraipen batzordeko kidea

Baztan-Bidasoko Lanbide Heziketako eskaintza bateratuz, Oronozen eraikitzekoa zuten ikastetxearen proiektua geldiarazi dutela salatu dute.

Aspaldikoa da Baztan-Bidasoaldean Lanbide Heziketako eskaintza bateratua emanen duen ikastetxea egiteko eskaera. Hamar urte daramatzate bueltaka, baina Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentutik etorri den azken berriak hautsak harrotu ditu. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak berriki jakinarazi du ez duela Oronozen egitekoa den ikastetxearen esleipenik aterako eta proiektua osorik berrikusi behar dutela. Erantzunarekin haserre, mugitzen hasi dira Lanbide Heziketako Baztan-Bidasoko irakasleak, ikasleak eta langileak. Gaiaz aritu da Mikel Iriarte Antxorena. 1985-etik Elizondoko Lanbide Eskolako irakaslea da, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetan zuzendari izan zen eta, egun, irakasle eta eskola berriaren jarraipen batzordeko kidea da. Leku faltarekin «gainezka» daudela eta eraikina «zaharkitua dagoela kontatu du. Eta Gimenoren azken proposamena «errespetu falta» eta «adarjotzea» dela salatu du.

Gaur egun, zer egoeratan dago Elizondoko Lanbide Eskola?

Leku faltan, gainezka dago, azken hamar urteotan matrikula bikoiztu baita. Ikasturte honetan, adibidez, ikasketa arautuan 243 ikasle eta 46 irakasle gaude eta arratsaldez, lau profesionaltasun egiaztagirietan 50 ikasle. Eraikuntzak, agudo, 60 urte beteko ditu. Duela 40 urte zabaldu zuten eta geroztik, ez dute eraikina mantentzeko inbertsio nabarmenik egin. Gaur egungo Lanbide Heziketak dituen eskakizunei erantzuteko arazoak ditugu. Leku eskasiaz aparte, eraikina bera zaharkitua dago, hainbat baliabide bezala, batez ere ziklo industrialetan. Horrek berarekin dakar ikasleen osasunean eta segurtasunean berme falta. Erraten digute ez dutela inbertsiorik eginen bertze ikastetxea eginen dutelako.

«Gaur egun, Elizondoko Lanbide Eskolan leku eskasia dago eta horrez gain, eraikina bera zaharkitua dago»

Ez da oraintsukoa Lanbide Heziketako eskaintza bateratua emateko ikastetxea egiteko eskaera...

Lanbide Heziketak gizarte modernoan gertatzen diren aldaketen ispilu izan behar du eta aldi berean, gizartearen garapena bulkatu. Lan egiteko manera berrietara egokitzeko ahalmena izan behar du. 1990eko LOGSE Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren Lege Organikoarekin, derrigorrezko hezkuntza 16 urtera arte luzatu zuten, eta harekin, Lanbide Heziketa berrantolatu behar izan zen. Berregokitzeko, hasiera batean, institutuak eta Lanbide Heziketako eskolak bateratu zituzten eta, gerora, bereizi. Lekarozko institututik 2021ean bereizi ginen eta Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratu Polibalente (IIP) izatera pasatu ginen, garai hartako araudiak eskatu bezala. Baztan-Bidasoko Lanbide Heziketako eskaintza hiru ikastetxetan banatua zegoen, Toki Ona institutua, Lekarozko institutua eta Elizondoko Lanbide Eskola. Hezkuntza eskaintza bateratzearen beharra garbi ikusi genuen. Bitartean, 2014an, Elizondoko Lanbide Eskolako eraikinean ezbehar larria gertatu zen, eta ondorioz, ikastetxearen beharra areagotu zen. Lanbide Heziketa berriak espazioak eta baliabideak zehaztu zituenean, ohartu ginen gureak ez zituela baldintzak betetzen, ezta segurtasuna bermatzen ere. Hezkuntza Departamentuaren txosten tekniko batek ere hala bildu zuen.

Nafarroako Gobernua 2015ean hasi zen ikastetxea eraikitzeko lehenbiziko pausoak ematen, eta 2016an Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu zuen udalek egindako eskaera. Esplikatuko zenuke?

Uxue Barkos presidente zen garaian eman ziren lehenbiziko pausoak, eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxearen proiektua aho batez onartu zuten Nafarroako Parlamentuan. Aldi berean, ikastetxearen kokapena, zoruaren birkalifikazioa... lotuz joan ziren.

2019an Txibite gobernura ailegatu eta honek Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilari izendatu zuenetik proiektua geldirik dagoela salatu izan duzu...

2019tik 2022rako legegintzaldian Carlos Gimeno jaunak ez zuen pausorik eman, 2022an hauteskunde kanpaina ailegatu zen arte. Urte hartan, Bertizen ikastetxearen proiektua aurkeztu zuen. Beraz, lau urte galdu ziren.

«Lehendik ere bagenuen susmoa eta Gimenoren jarduna eta esleipena hutsean gelditu izanak gure susmoak areagotu zituen»

Aipatu duzun bezala, 2022an Bertizen ikastetxearen proiektua aurkeztu zuen Gimenok, eta 2023an gobernuak obraren esleipena atera zuen. Baina hutsik gelditu zen...

Obra esleitu aitzinetik baldintza plegua zehazten da, epeak eta aurrekontuak barne. Lehendik ere bagenuen susmoa eta Gimenoren jarduna eta esleipena hutsean gelditu izanak, hau da, enpresa bakar bati ere erakargarri ez egin izanak gure susmoak areagotu zituen. Gimenok eskualdeko udaletako ordezkariei erran zien esleipen baldintzak egokitu eta berriz ere obra esleituko zuela 2024a akitu aitzinetik.

«Gimenoren azken proposamena adarjotzea da»

Baina berriki ez duela esleipenik aterako eta proiektua osorik berrikusi behar dutela erran du. Espero zenuten?

Ez genuen hori espero, proiektuaren oinarriak denbora luzez landutakoak eta sendoak zirelakoz. Prozesu parte hartzailean, Hezkuntza Departamentuarekin batera, inguruko Lanbide Heziketako ikastetxeok, udalek eta enpresariek parte hartu genuen, beharrak ongi zehazteko. Agian, gure kulpa izan da lau urte horietan segida estuagoa egin ez izana. Gobernuarengan gehiegizko konfiantza izan genuen. Eskualdeko herritarronganako errespetu falta eta adarjotzea izan da Gimenoren azken proposamena.

«Proiektua osorik, hezkuntza eskaintza barne, berrikusi behar dutela» adierazi du Gimenok. Zer erran nahi duzu horrek zure ustez?

Erran nahi du 500.000 euroko proiektua zakarrontzira botako duela eta berri bat eginen dutela. Hezkuntza eskaintza zaharkitua gelditu dela paratu du aitzakiatzat. Gure galdera hau da: Iaz, obraren esleipenean enpresaren batek eraikina egiteko ardura hartu izan balu, hezkuntza eskaintza zaharkituan oinarritutako eraikina izanen zen? Gimenok berriz ere inozotzat hartu gaitu.

Gezurretan aritzea leporatu diozu...

Gure ustez, Gimenok eta Txibiteren gobernuak erabakia hartua dute eta orain argudioak bilatzen ari dira hori justifikatzeko. Hau da, ikastetxe berriaren gastua murriztu nahi dute eta ahal balitz ez eraiki. Gimenok udalei erran zienean urtea akitu baino lehenagotik obraren esleipena aterako zuela, bazekien ez zuela horrelakorik eginen, eta hori ikusi dugu.

Zein dira, zure ustez, proiektu honi segidarik ez emateko arrazoiak?

Sei puntutan banatuko ditut. Lehenbizikoa, gurean LHko hezkuntza eskaintza osoa euskaraz dela eta hori ongi hornitutako ikastetxe batean eskaintzea ez dutela onartzen; bigarrena, proiektu hau ez dela Gimenorena, Uxue Barkosen agintalditik dator; hirugarrena, eskualdeko eragileen eta Parlamentuko hasierako kontsentsu hura hausteko modua dela gaia luzatzea eta hozten uztea. Udaletan, Parlamentuan eta ikastetxeetan pertsonak aldatzen dira; laugarrena, Baztanen kiroletako goi mailako ziklo pribatu bat paratzekotan direla. Pribatuari ateak ireki nahi dizkiote?; bosgarrena, kalkulu politikoen arabera ari direla. Gure inguruan, PSNk ez du boto aunitzik; eta seigarrena, Lanbide Heziketa bigarren mailako ikasketa bailitzan tratatzen dutela. Berriki, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketako zuzendaritza kendu dute.

Prentsan agertu denez, Oronozko ikastetxea 2026-2027 ikasturtean inauguratzekoa zuten, baina orain, obrak 2026an hastea aurreikusi dute. Noiz arte luzatzen ahal da?

Gimenok proiektua ahal den guzia luzatu baldin badu, batek daki. Ez dakit zer pentsatu; behin baino gehiagotan epeak paratu dituzte eta ez dituzte bete.

«Hurrengoan erranen dute ez dela dirurik ikastetxea eraikitzeko»

Ez eraikitzeko aukera ikusten duzu...

Bai. Orain arte ekonomia ongi joan da eta Europako Next Generation funtsak ere hor egon dira. Aunitz diru erabili dute. Funts hori akitu da eta Europako ekonomiak okerrera egin du. Hurrengoan erranen dute ez dela dirurik ikastetxea eraikitzeko.

Udalek gaia esku artean dute. Elkarlanean ari zarete?

Bai. Hasiera hartako pausoak ematen ari gara berriz ere.

Eta bertze ikastetxeekin?

Bai, noski. Oraingoan Berako Toki Onarekin elkarlanean ari gara, ja Lekarozen ez baitago Lanbide Heziketako ziklorik. Bide batez, aipatu nahi nuke elkarrizketa honetan Elizondoko Lanbide Eskolaz aritu garela, baina ez dut atzendu nahi Toki Ona ikastetxeko Lanbide Heziketako zikloetan ere beharrak dituztela egunerokoa aitzinerat ateratzeko.

«Igual aitzinerago eskualde mailako manifestazioa eginen dugu»

Mobilizazioekin hasi zarete...

Urrian ikastetxeetan elkarretaratzeak egin ditugu eta Elizondoko ferietan aldarrikapena egin genuen. Prentsan eta sare sozialetan ere zabaltzen ari gara. Urriaren 29ko greba egunean ere elkarretaratzeak egin genituen Elizondoko Lanbide Eskolan eta Toki Ona institutuan, eta ondotik, Oronozen elkartu ginen, kotxe karabana antolatu eta Iruñeko manifestaziora joan eta Nafarroako Hezkuntza komunitateari gure aldarrikapena ezagutzera emateko. Aitzinerago, igual eskualde mailako manifestazioa antolatuko dugu.

Urriaren 29ko greba egunean lanbide eskolako aldarria Iruñera eraman zuten irakasleek.

Zer eskatuko zenioke Nafarroako Gobernuari?

Ez gehiago adarrik jotzeko, eta gure inguruko beharrak eta borondatea kontuan hartzeko.

Eta herritarrei?

Proiektua Baztan-Bidasoaldearen garapenerako estrategikoa dela eta gizarte osoaren inplikazioa behar duela ohartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun