2012an eman ziren lehenbiziko pausoak Baztan-Bidasoko beharrak aseko zituen Lanbide Heziketako zentro integratu bat sortzeko. Eskualdeko udal guziek, Elizondo Lanbide Eskolak, Berako Toki Ona institutuak eta eragile sozio-ekonomikoek bat egin zuen proiektuaren garapenarekin. 2016an Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra taldeek ikastetxea eraikitzeko mozioa aurkeztu zuten Nafarroako Parlamentuan, eta aho batez onartua izan zen.
2022ko uztailean Nafarroako Gobernuak Oronozko zentro integratuaren erredakzioaren lizitazioa atera zuen, eta 2023ko otsailean 435.000 eurotan esleitu zuen. Aldi berean, ikastetxe berriaren hezkuntza eskaintza landu zen, Elizondoko eta Berako ikastetxeena osatzeko. Bertzeen artean, Agroekologia eta Informatika ikasketa berriak eskaintzea aurreikusi zuten.
2024 hasieran obren lizitazioa atera zuten, baina esleipena hutsik gelditu zen. Nafarroako Gobernuak «hutsik gelditzearen arrazoiak aztertuko zituela» erran zuen, eta «esleipen prezioa igo gabe proiektuaren berregokitzea eginen zuela, urte bukaeran berriz ere obren lizitazioa egin ahal izateko».
Hala ere, orain gobernuak jakinarazi du aurten ez duela lizitazio berririk eginen; «proiektua birdimentsionatu behar dela ohartarazi du eta 2025ean proiektu berri baten erredakzioa lizitatu ondotik, zentro berriaren obrak 2026an hastea aurreikusi du. Gainera, adostutako hezkuntza eskaintza berrikusi behar dela dio, orain arte adostutakoa ezbaian jarriz».
Hori dela eta, Baztan-Bidasoko udal guziek, Elizondo Lanbide Eskolak, Toki Ona Institutuak eta eskualdeko eragileek «zentro proiektu berdinarekin segitzea» exijitu diote Nafarroako Gobernuari eta Hezkuntza Departamentuari, «orain arte aurreikusitako hezkuntza eskaintza mantenduz».
Azkenik, 2015ean Parlamentuko hezkuntza batzordeak Elizondo Lanbide Eskolari egindako bisitaren txostenak «ikastetxea 'egoera tamalgarrian' zegoela argi erraten zuen» eta ordutik inbertsio handirik egin ez dela salatu dute, «ikastetxe berria eraiki behar zela argudiatuz».