Azaldu dutenez, Oronozko ikastetxe proiektua «eskualdeko ikastetxeek, eragileek, udaletako ordezkariek, Hezkuntza sailak, Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak aho batez onartua» izan zela. Proiektua «idatzia eta zehaztua dago, eraikitzea bertzerik ez zaio gelditzen. Halaxe adierazi zuten Carlos Gimenok eta Tomas Rodriguezek 2023ko otsailean».
Orain, berriz, «jakin dugu gobernuak datorren ikasturteetan Hezkuntzan aplikatuko dituen murrizketen oinarria Europak finkatutako administrazioen gastu sabaia dela. Horrek, bete-betean, jomugan jarri du Oronozko Lanbide Eskolaren proiektua. Izan ere, aitzineko aurrekontu onartuetan eskola egiteko zegoen diru partida kendua izan da».
Hori dela eta, «hemendik aitzinera gastatzen den dirua proiektua bideratzeko izatea eskatzen dugu. Alegia, diru publikoa zentzuz gastatzea eta aspalditik dagoen behar honi behingoz erantzutea». Horretarako arrazoi nagusiak hurrengoak dira:
- Eskualdearen berrikuntza eta produktibitatea sustatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko, eraikuntza berri honek berebiziko funtzioa izanen, garapen ekonomikoan oinarri izanik.
- Segurtasun eta Osasun arloan berriz, Hezkuntza departamentuak egindako txostenean adierazten duen gisan, gaur egungo eraikinak ez ditu segurtasun neurriak betetzen hainbat arlotan.
- Espazio falta, ziklo berriak gehitu eta ikasle kopurua bikoiztu dela medio.
- Gure hizkuntzak behar duen bultzadari so eginez, Lanbide Heziketa euskalduna da, D eredukoa.
Arrazoi horiek kontuan hartuta, «proiektuari behar duen bultzada ematea» eskatu diote Nafarroako Gobernuari eta Hezkuntza Departamentuari. «Eskolarentzat momentu estrategikoa da; hazteko, zerbitzu eguneratua eskaintzeko, lanbide heziketa euskalduna izaten segitzeko eta eskualdeko garapenerako. Eskolaren proiektua idatzia dagoen heinean, ez dezagun diru gehiago horretan gastatu eta has gaitezen eraikitzen behingoz».
Azkenik, jakinarazi dute eskola komunitateak itxialdiak eta hainbat ekintza eginen dituela aste honetatik aitzinera.