'Hamarreko bitxia' liburua aurkeztuko dute ortziralean Beran Jon Abrilek eta Gaizka Sarasolak

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 16a, 17:00

Jon Abril eta Gaizka Sarasola idazleak izanen dira aurkezpenean.

Geuretik Sortuak bekaren ondorioa da 'Hamarreko bitxia' lana, eta ortzirale honetan aurkeztuko dute Beran liburuan parte hartu duten Gaizka Sarasolak eta Jon Abril idazleak. Aurkezpena 19:00etan izanen da, Beralandetan.

2023an Udalbiltzak euskarazko sormen-lanak sustatzeko Geuretik Sortuak bekak bultzatu zituen, bigarrenez. Udalbiltzaren egitasmo honetan 39 udalerrik parte hartu zuten, tartean Berak eta Lesakak, eta lau diziplinetako 22 sortzaileri beka bana eman zitzaien literaturan, komikigintzan, zinemagintzan eta antzerkigintzan euren lanak garatzeko. Literaturako hamar lanen artean Bortzirietako bi egilek eskuratu zuten beka, Gaizka Sarasola lesakarrak eta Jon Abril beratarrak.

Joan den udaberrian aurkeztu zuten literaturako hamar lanak biltzen dituen Hamarreko bitxia liburua. Tartean dira Sarasolak Larrabetzun egindako egonaldiarekin ondu zuen Desagertzen lana; eta Abrilek Atharratzen idatzitako Odolustu lana.

Sarasolak atzerrian urte luzez bizi ondoren, herrira itzuli den Margariren istorioa kontatzen du bere lanean. Herrian egon diren aldaketak ikusiko ditu fikziozko pertsonaiak, gauza batzuk desagertuko dira, bertze batzuk bazterrean gelditu. Literaturaren bidez desagertze horietan sakondu du Sarasolak.

Abrilek, aldiz, herri ttikien hustutzea du hizpide, Atharratzen bizi diren bi emakumeren arteko maitasun-istorioaren bukaeraren bidez. Zerbitzu faltak, etxebizitzaren arazoa, hirietara migrazioa… kontatzen dira, bi pertsonaien maitasun-kontuen gorabeherak tarteko.

Aurkezpenean bi idazleak izanen dira eta beren narrazioen ingurukoak aletuko dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun