Azken egun hauetan izan diren eraso matxisten kontra elkarretaratzea eginen dute gaur Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 10a, 14:17

Bart arratsean gizonezko bat atxilotu dute Lesakan emakume bati eraso egitegatik eta joan den astean bertze bat egin zuten. Bada, egun hauetan izan diren erasoak  salatzeko karrikara aterako dira gaur berriz. 

Aski da! Eraso matxistarik ez! lelopean elkarretaratzera deitu dute 20:30ean Lesakako Plaza Zaharrean Xulufrinak Lesakako Sare Feministak eta Marrako Bortzirietako Gazte Feministen Taldeak. Lesakako Udalak ere bat egin du deialdiarekin.

Xulufrinak eta Marrako taldeek «nazkatuta» daudela azpimarratu dute eta Lesakako Udalak «emakumeen kontrako edonolako indarkeriaren aurrean bere gaitzespen jarrera eta kondena» adierazi nahi izan ditu. Horrekin batera, «erasoa sufritu duten emakumeei babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi eta, aldi berean, emakumeek indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea berma dadin lanean segitzeko konpromisoa» berretsi du.

Pasa den astean ere karrikara atera ziren Lesakan eraso matxisten kontra. Izan ere, gizonezko bat atxilotu zuten eraso matxistengatik. Jende aunitz bildu zen plazan Xulufrinak eta Marrako taldeek eta udalak antolatutako elkarretaratzean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun