Eskualdeko sei lagunek preso segitzen dute

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 25a, 08:00

Urtarrilaren 6an herriko presoen aldeko elkarretaratzea egin zuten Lesakan.

Gaur egun, sei preso politiko daude eskualdean: lau Euskal Herriko kartzeletan, bat Frantziako Estatuan eta bertzea etxean ari da zigorra betetzen. Egoera hurbilagotik ezagutzeko asmoz, bi seniderekin bildu da TTIPI-TTAPA: Eli Iturria Almandozekin eta Gaizka Sarasola Iarzabalekin. Haien testigantzak argitaratuko ditu ondoko orduetan.

Santi Aragon Iroz (Txantrea-Igantzi), Ibon Fernandez Iradi (Lasarte-Lesaka), Mikel Karrera Sarobe (Arantza), Igor Portu Juanena  (Lesaka),  Mikel San Sebastian Gaztelumendi (Lesaka) eta Mattin Sarasola Iarzabal (Lesaka).  Sei dira gaur egun eskualdeko preso politikoak eta, bana bertze, hamazazpi urte daramatzate preso.

Urteak pasatu ahala, poliki-poliki guztiak hurbildu dituzte. Frantziako Gobernua 2018an hasi zen hango kartzeletan zeuden presoak Euskal Herritik hurbilen dauden kartzeletara hurbiltzen eta Espainian 2020ko udazkenean hasi ziren presoak Euskal Herriratzen. Sare Herritarrak 2023an eman zuen bukatutzat 1989. urtean euskal presoen kontra abiatu zen urruntze eta sakabanaketa politika. Gaur egun, Euskal Preso Politikoen Kolektiboan 142 preso daude, horietatik zazpi daude Frantziako Estatuan eta gainerakoak Euskal Herriko kartzeletan edo etxean ari dira zigorra betetzen. 

Azken hori da Santi Aragon Iroz txantrearraren kasua. Etxean ari da zigorra betetzen, Igantzin. 2001ean atxilotu zuten eta 20 urtetik goitiko zigorra Espainian Madrilgo, Asturiasko, Cadizko eta Logroñoko kartzeletan eta Euskal  Herrian Martuteneko (Donostia, Gipuzkoa) kartzelan egin du. Gaur egun, eskumutur telematikoarekin etxean zigorra betetzen ari da.

Familia Lesakan duen Ibon Fernandez Iradi lasartearra Martuteneko kartzelan dute. Gaixo dagoen presoetako bat da, Esklerosi Anizkoitza du. 2003an atxilotu zuten,  2010eko abenduan agertu zitzaizkion eritasunaren lehenbiziko sintomak eta 2013ko urtarrilean eman zioten diagnostikoa. Behin baino gehiagotan eskatu dute zigorra alde batera uzteko, baldintza medikuak betetzen direlako. 2022an Lannemezanetik (Frantzia) Martutenera hurbildu zuten.

Mikel Karrera Sarobe aranztarra, berriz, 2010ean atxilotu zuten eta Paris aldeko kartzeletan eman du denbora gehiena. 2019an Paristik Lannemezanera (Frantzia) hurbildu zuten.

Igor Portu Juanena lesakarra 2008an atxilotu zuten eta 2021ean Kordobatik (Andaluzia, Espainia) Zaragozara (Aragoi, Espainia), eta hilabete batzuen buruan, Iruñeko kartzelara hurbildu zuten. Hantxe ari da zigorra betetzen.

Mikel San Sebastian Gaztelumendi eta Mattin Sarasola Iarzabal lesakarrak ere 2008an atxilotu zituzten. San Sebastian 2021ean Murtziatik (Andaluzia, Espainia) Soriara (Gaztela eta Leon, Espainia) eraman zuten eta joan den urtean Zaballara (Araba). Sarasola 2021ean Jaendik (Andaluzia, Espainia) Dueñasera (Palentzia, Espainia) eta 2022an Zaballara hurbildu zuten.   

ESKUALDEKO PRESOAK HERRIA NOIZTIK PRESO ESPETXEA
Santi ARAGON IROZ Igantzi 2001 Etxean preso
Ibon FERNANDEZ IRADI Lesaka 2003 Martutene (Gipuzkoa)
Mikel KARRERA SAROBE Arantza 2010 Lannemezan (Frantzia)
Igor PORTU JUANENA Lesaka 2008 Iruñea (Nafarroa)
Mikel SAN SEBASTIAN GAZTELUMENDI Lesaka 2008 Zaballa (Araba)
Mattin SARASOLA IARZABAL Lesaka 2008 Zaballa (Araba)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun