Garbi solastatu da bizi izan duenaz, bizi duenaz eta etorkizunaz, bere ilusioez eta bere kezkez. Urteotan gozotik batere ez duten egoeratatik pasatutakoa dela kontatu du, baina «ikusitakotik ikasi» ere egin du. «Pasatu diren gauza batzuei garrantzia kentzen diet, baina ez zaizkit atzentzen, nire barrenean daude». Hala ere, denaren gainetik, «gogorrena» hauxe egiten zaio: «Mikel ongi ez dagoenean, triste dagoenean edo osasunez ongi ez dagoenean, bere ondoan ezin dudala egon. Bi ordu eta erdira dugu, baina dugun biziak ez dit dena utzi eta harat joateko aukerarik ematen».
Maiatzean 14 urte beteko ditu Karrerak preso. Iturriak, ordea, ez dio horri garrantzirik ematen: «Aunitz dira, pisutsua da, baina ez naiz urteak kontatzen aritzen. Gure familia kontziliazioa horrela eraiki dugu eta ez diogu buelta gehiago eman nahi. Mikel eta biok bera kartzelan dagoenetik gara bikote. Gauza batzuk aldatuko nituzke, horixe baietz, zoragarria izanen litzateke etxean izatea eta egunerokoan edozeinentzat tontakeriak izaten ahal diren mila gauza berarekin egitea, baina ezin dugu».
Paristik Lannemezanera
2019an Parisko kartzelatik Lannemezangora hurbildu zuten, eta han segitzen du; «hamahirugarren edo hamalaugarren kartzela dugu», gaineratu du Iturriak. «Paris inguruko eta goitirago gelditzen diren gehienak ezagutu ditugu». Horren harira, Frantziako espetxe motak esplikatu ditu: «Frantzian, epaitu aitzinetik Maison d'Arrêt deituriko kartzeletan edukitzen dituzte, eta epaitu ondotik, zigor handiak dituztenak Maison Centrale delakoetara eramaten dituzte. Epaitu ondotik ezagutu ditugunak bi dira: Parisen Reau Sud Francilien eta Lannemezan». Eta batetik bertzera «kristoren aldea» omen dago: «Reaun etsaiak ginen, gaizki eta zorrotz tratatzen gintuzten, esperientzia hagitz txarra izan genuen...». Kontrara, Lannemezangoa «Frantzia osoan ezagutu dugun egokiena» da bere irudiko: «Hoberena ez dut erranen, kartzelaz ari garelako, baina egokiena bai, bertzeak bertze, funtzionarioek gurekin duten tratua ikusita». Gehiago ere bai: «Duela bortz urte Lannemezanera eraman zutenean hamahiru euskal preso zeuden, eta giro aunitzez hobea harrapatu genuen».
«Ez dut erranen Lannemezango kartzela ezagutu dugun hoberena dela, kartzelaz ari garelako, baina egokiena bai».
Distantzian ere sumatu du aldea, mila kilometro baino gehiago egitetik, Arantzatik 230 bat kilometrotara dagoen kartzela batera pasatu baitira. Hala ere, bereziki «hegazkineko edo treneko txartelak ez erosi behar izateak lasaitasun ikaragarria» ematen dio: «Txartelak hartuz gero, horixe da aukera bakarra eta bisitak ez galtzeko, manera aunitzetan egin izan ditugu Parisera bidaiak, alaba ttikia zela motxilan hartuta. Lannemezango kasuan, edozein gauzagatik berandu ailegatzen bagara, Mikelek abisatuko du, eta bisita orduak galduko ditugu, baina bisita osorik ez. Horrek lasaitasun handia ematen du».
Espainiako Estatuan ere eduki izan dute Karrera, Iturriak erran duenez, «momentu jakin batzuetan, epaiketak tarteko». Madrilgo bi espetxe ezagutzea tokatu zaie, Estremera eta Soto, eta ez ditu gustukoak: «Ez gaituzte ikusi ere egin nahi, eta hori garbi erakutsi izan digute hasiera-hasieratik». Bertzalde, «azken aldiz Espainiara eraman zutenean, Frantziara bueltan, Martuteneko kartzelan sei egunez eduki zuten. Hego Euskal Herrian, euskal preso aunitzekin, denak giro onean... Hori txute bat izan zen».
Bisitak
Bi aldeak probatuta, nahiago du Frantziako kartzeletako martxa. Eta bisitak aipatu ditu. Alde batetik, hilabetean behin, UVF delako aurrez aurreko bisita luzeak dituzte: «Gure kasuan, hilabetean behin, kasurik hoberenetan 48 orduz eta bertze batzuetan 24 orduz, familiako bizipenak izaten ditugu. Dena elkarrekin egiten dugu, etxetxo batean sartzen gara, giltzapetuta, handik mugitu gabe. Baina bertze gauza batzuk bizitzeko aukera dugu: solastatzeko, lasai egoteko, alabak attarekin egiten ditu otorduak, etxeko lanak, dutxatu... Guk egunero egiten ahal ditugu, baina Mikelek ordu horiek bakarrik ditu».
Aitortu duenez, bisita horien bueltan antolatzen dute hilabetea: «Gure hilabetea ziklikoa da. Attarekin egon eta aste hori han sentitutako goxotasunarekin pasatzen dugu, hurrengoa egunerokoan zentratu eta gure bizia zein den ikusiz joaten zaigu, eta hirugarrena agudo bera ikustera joanen garela buruan. Alabak ere horrela bizi du».
Aurrez aurreko bisita horietaz aparte, «astean gehienez bi egunez, eta baimen berezia lortuz gero hiru egunez, egunean sei orduko bisitak izaten ahal ditu, mahai baten bueltan. Alde ederra dago Espainiarekin konparatuz, han kristalak banatzen baititu presoa eta bisitariak».
Gisa berean, estatu batetik bertzera telefono deiekin dagoen aldea ere azpimarratu du: «Mikelek, ordainduz gero, nahi duen guzietan eta nahi duen orduan deitzen ahal du, orain txaboletan telefonoak paratu dituzte. Espainian uste dut astean zortzi minutuko hamabortz bat dei izaten direla. Deskuiduan eskegi baduzu, dei bat guttiago».
Salbuespen neurriak indarrean
Presoen sakabanaketaren eta espetxe politikaren gaia ere hizpide hartu ditu Iturriak, eta «sakabanaketa bukatutzat» jo du: «Presoak hurbildu dituzte». Baina dena ez da bukatu: «Aznarren garaian legeak bihurritu zituzten euskal preso politikoak 'kartzelan ustel zitezen'. Hitz horiexek erabili zituzten. Salbuespen legedi horrek indarrean segitzen du. Aldatzen ez den bitartean, Mikel eta Bortzirietako preso gehienak noizbait kanpoan ikusi ahal izatea hagitz zaila izanen da. Presoak pixkanaka-pixkanaka ateratzen ari dira, baina zigor izugarri luzeak osorik beteta. Inork ez die deus oparitu. Beraz, pausoak aitzinera egin dira, lana egiten ari da, baina oraindik aunitz dago egiteko» .
«Gu hemen tente, gogor eta indartsu gaudenean, barrenean daudenak ere halaxe egoten dira»
Elkartasunaz ere aritu da, eta «babesa» sentitzen duela erran du, nahiz eta «batzuetan gehiago» nahiko lukeela onartu. Horrekin batera, irakurleei «babesa erakusten segitzeko» eskatu die: «Gu hemen tente, gogor eta indartsu gaudenean, barrenean daudenak ere halaxe egoten dira». Eta bide beretik, bisitek duten garrantziaz aritu da: «Mikelentzat bisitak dituela ikustea, lagunek berarekin segitzen dutela ikustea, handia da. Betiko jendea hor dagoela eta berria heldu dela jakiteak indarra ematen dio».
Kezka eta ilusioa
«Ezinegona», «kezka» eta «beldurra» ere aipatu ditu Iturriak: «Guk Frantziako Estatuak emandako bizi osorako kartzela zigorra dugu gainean, dagoeneko zigor gogorrak Espainian eta epaiketa mordoxka Madrilen esperoan. Bi estatuetako zigorren balizko batuketa batek egoera beltz uzten ahal digu». Gehiago ere erran du: «Bere kide aunitz hegoaldeko kartzeletara mugitu dituzte eta bertze batzuk bidean dira. Litekeena da etorkizunean berak ere hegoaldean bukatzea. Momentuz, dakiguna da Lannemezanen gero eta guttiago direla, oraintxe sei, eta bera, izatekotan, mugitzen azkena edo azkenetarikoa izanen dela. Frantzian bakarrik gelditzeak ere kezka sorrarazten dit».
Etorkizunaz galdetuta, «zoritxarrez, azken hamar urteotan ikusten dudan bezala» ikusten du: «gure egoera ez baita erraza. Etorkizunean, Mikel etxean nahiko nuke, baina urruti ikusten dut. Gainera, nahiago dut urruti ikusi, ilusioa egiteak muturrekoak hartzeko aukerak handitu bertzerik ez baititu egiten». Honela gehitu du: «Heldu dena hartuko dugu, hobea baldin bada hobe, txarragoa ez da izanen, kartzelan dagoelako».