Gaizka Sarasola

«Jendartean zigor neurrien aldeko nolabaiteko jarrera nagusitzen ari da eta kezkagarria da»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 25a, 09:00

Gaizka Sarasola Iarzabal lesakarra.

Gaizka SARASOLA IARZABAL, Mattin Sarasola presoaren anaia

2008az geroztik, preso du Mattin anaia eta agerian utzi du bere ezinegona, gogorra baita anaia preso izatea. Horretaz eta espetxe politikaz, elkartasunaz... aritu da TTIPI-TTAPArekin.

«Mattinek egunero deitzen ahal du telefonoz, eta hilabetero ikusten dut. Elkarrizketa hau irakurriko duten aunitzek senideren bat izanen dute Euskal Herritik urruti bizitzen, eta beraien arteko komunikazioa ez da horrelako maiztasunarekin izanen, baina seguru lasaiago bizi dutela». Gaizka Sarasola Iarzabal lesakarraren hitzak dira. Hamasei urte hauen errepaso labur bat ere egin du, eta honela kontatu du: «Atxiloketa beti kolpe gogorra da. Gero, nolabait egoera berriarekin bizitzen ikasten duzu. Etxekoontzat inportanteena bera ongi eta indartsu sumatzen dugula da, eta horrek lasaitasun puntu bat ematen du, nahiz eta kezka beti dagoen».

Jaen, Dueñas eta Zaballa

Urte luzez 1.600 kilometrotik goiti egin behar izan dituzte anaia bisitatzeko joan-etorri bakoitzean, hamahiru urtez  Jaengo (Andaluzia, Espainia) kartzelan eduki baitzuten preso. Azken urteotan, ordea, etxetik hurbilago dute: 2021ean Dueñasera lekualdatu zuten eta 2022an Euskal Herrira, Zaballako kartzelara. Sarasolak aitortu du «bidaia laburragoa izatea abantaila handia dela. Bera hurbilago sentitzen dugu. Euskaraz aditzen ahal du irratia, telebistan bertako berriak hartzen ahal ditu...

Bertzalde, lagun gehiago daude elkarrekin, eta eguneroko giroa eurentzat atseginagoa izateko aukera ekartzen du horrek». Baina kartzela izaten segitzen du: «Kartzela bakoitzak ditu bere alde txarrak eta ez hain txarrak. Baina onik ez!», azpimarratu du. Gainerakoan, gaur egun, astean behin kristalaren bertze aldean 40 minutuko bisita bat izateko aukera du Mattinek, eta hilabetean aurrez aurreko bi bisita, bakoitza ordu eta erdikoa.  

«Kartzela bakoitzak ditu bere alde txarrak eta ez hain txarrak. Baina onik ez».

Espetxe politika eta elkartasuna 

Salbuespenezko espetxe politikaren harira ere mintzatu da lesakarra. Bere anaiaren kasuan, «7/2003 legea indargabetu ezean, 40 urteko zigorra bete beharrean dago. Biziarteko kartzela zigorra ez dela diote, baina Alemanian biziarteko kartzela zigorrak 15 urtetara berrikusten dituzte, Frantzian 18 urtetara, edo Italian 26 urtetara. Espainiako Estatuan ere bada presoaldi iraunkorra 25 urtetara berrikusteko aukera. Hortik atera kontuak!».

Bide horretan, elkartasunaren garrantzia aipatu du, baita «hurbilekoen babesa beti sentitu» izan dutela eta «funtsezkoa» dela azpimarratu ere. Hala ere, bada inguruan sumatu duen joera bat: «Presoen afera moldatua dagoela edo laster moldatuko denaren sentsazioa zabaldua dagoela iruditzen zait, baina nire ustez, denak kalera bidean izan arte luze joateko arriskua bada oraindik». Horrekin batera bertze kontu batek ere kezka sortzen dio: «Orokorrean, jendartean zigor neurrien aldeko nolabaiteko jarrera nagusitzen ari dela iruditzen zait, eta kezkagarria da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun