Munduko klub arteko sokatira txapelketa historikoa egin du Lesakako Beti Gazte sokatira taldeak. Sei kategoriatan lehiatu da eta seietan lortu du finalerako sailkatzea. Horietatik bortzetan lortu du munduko txapeldun izatea, urrezko domina (emakumeen 500 kilokoan, gizonezkoen 640, 600 eta 560 kilokoan eta mistoan) eta bertzean, zilarrezkoa (emakumeen 540 kilokoan). Emakumeek eta talde mistoak lehen aldiz urrezko domina lortu dute eta gizonezkoek 640 kilotan ere lehen aldiz lortu dute munduko txapeldun izatea. Lehendik ere hiru modalitateko podiumera igoa zen munduko klub bakarra zen eta orain munduko talde bakarra da hiru modalitatetan (emakumeak, gizonezkoak eta mistoa) urrezko domina irabazi duena.
Gizonezkoen 560 kiloko txapelketan urrea jantzi du Beti Gaztek. Bederatzi talderen arteko lehian tiraldi guztiak irabazi ditu Beti Gaztek lehen fasean. Finalerdietako tiraldiak Ipar Irlandako Country Club taldeari irabazi dizkiote lesakarrek eta finala Irlandako Clonmany B taldeari. Honela, Beti Gazteko gizonezkoek parte hartu duten hiru kategoriatan urrezko domina jantzi dute, tiraldi bakar bat ere galdu gabe. Brontzerako lehian Country Club nagusitu zaio Ezpeletako Ñapurrak taldeari.
560 kiloko munduko txapeldun izan den zortzikotean Karmelo Mitxelena, Ander Mitxelena, Mikel Apeztegia, Oskar Telletxea, Beñat Ordoki, Beñardo Iantzi, Unai Gurrutxaga eta Gerardo Telletxea aritu dira tiran, Paxkual Taberna entrenatzaile eta Maria Iantzi laguntzaile zituztela.
Lehen aldiz klub arteko txapelketa mistoan ere urrea
Klub arteko txapelketa mistoan lan gehiago izan ditu Beti Gaztek urrezko domina lortzeko. Lehen faseko tiraldi guztiak irabazi ondotik, finalerdian Herbeheretako De Watermannen taldeari irabazi dio Beti Gaztek eta finalean hortzak estutu behar izan ditu Herbeheretako Monickendameri irabazteko. Lehen tiraldia lesakarrek irabazi dute, baina bigarrenean herbeheretako taldea nagusiru da. Kitarako tiraldia behar izan dute lesakarrek lehen aldiz txapelketa mistoa irabazteko klub artekoan (joan den urtean Euskal Herriarentzako irabazi zuten nazioartekoan). Lehen aldiz txapelketa mistoa irabazi duen Beti Gazteko taldean Amaia Leiza, Joxe Angel Mitxelena, Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Ludovic Karakotxe (Zuraide), Ainhoa Etxegarai (Bera), Eneko Saldias eta Julen Palenzuela aritu dira tiran, Iñigo Altzugarai entrenatzaile eta Udane Arbelaitz laguntzaile zituztela. Finaleko kitarakoan, Karmelo Mitxelena sartu da Ludovic Karakotxeren ordez.
Klub arteko lehia bukatuta, nazioarteko txapelketan ariko dira Beti Gazteko tiralariak larunbatean eta igandean, Euskal Herria ordezkatuz.