Guztira hemeretzi talde lehiatu dira gizonezkoen 600 kiloko munduko txapelketan. Lehen fasean bi multzotan banatuak aritu dira eta Beti Gaztek bere multzoko tiraldi guztiak irabazita, lehen postuan sailkatu da. Txina Taipeiko Da Ben Niu taldearekin izan dute tiraldirik gogorrena, baina guzti guztiak irabazi dituzte lesakarrek lehen fase horretan eta multzo buru izan dira. Txina Taipeiko taldea izan da bigarren, lesakarren kontra izan ezik, bertze tiraldi guztiak irabazi baitituzte.
Bertze multzoan, Ipar Irlandako Country Club taldea, joan den urteko munduko txapelduna kategoria honetan, nagusitu da eta Irlandako Clonmany B taldea izan da bigarren.
Finalerdietan, Beti Gaztek ongi irabazi dio Clonmany B taldeari, 2020ko txapeldunari kategoria honetan, eta Country Club taldeak menpean hartu du Da Ben Niu taldea. Beraz, joan den urteko finala errepikatu da gizonezkoen 600 kiloko kategorian, baina joan den urtean ez bezala, oraingoan lesakarrak suertatu dira irabazle eta munduko txapeldun, bi tiraldi gogorren ondotik. Brontzerako lehian, Da Ben Niu taldea nagusitu zaio Clonmany B taldeari.
600 kiloko munduko txapeldun izan den Beti Gazteko zortzikotean Karmelo Mitxelena, Ander Mitxelena (aita-semeak), Joxe Angel Mitxelena (lehenbizikoaren anaia eta bigarrenaren osaba), Mikel Apeztegia, Beñat Ordoki, Beñardo Iantzi, Eneko Saldias eta Julen Palenzuela aritu dira tiran, Paxkual Taberna entrenatzaile eta Iñigo Altzugarai laguntzaile zituztela.
Lehen jardunaldia ederra izan da beraz, Beti Gazterentzat, bi kategoriatan lehiatu eta bietan urrezko domina lortu baitute.
Klub arteko bigarren jardunaldia ortziralean, nazioartekoa larunbatean eta igandean
Otsailaren 9ko jardunaldian, ortziralean, goizez emakumeen 540 kiloko eta gizonezkoen 640 kiloko kategoriatan lehiatuko da Beti Gazte, eta arratsaldean gizonezkoen 560 kilokoan era txapelketa mistoan. Beraz, bertze lau domina lortzeko borrokan murgilduko dira lesakarrak.
Asteburuan, berriz, Basque Country ordezkatuko dute Beti Gazteko tiralariek. Larunbatean, goizean, emakumeen 500 kiloko kategorian eta arratsaldean gizonezkoen 600 kilokoan. Igandean, berriz, goizean gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko kategorietan eta arratsaldean gizonezkoen 560 kiloko kategorian eta txapelketa mistoan.