Hasieran Asiako taldeen beldur baziren ere, azkenean euskaldunen arteko finala izan da, Beti Gazte eta Ibarraren artekoa eta lesakarrak gailendu zaizkie gipuzkoarrei. Kategoria honetan 2020ko mundialean brontzea eta 2023an zilarra lortu ondotik, urrezko domina lehen aldiz lortu dute Beti Gazteko emakumeek. Beraz, 2024ko otsailaren 8a eta Helsinborg (Suedia), data eta leku seinalatuak izanen dira Lesakako klubaren historian.
Lehen fasean, lehen tiraldiak Euskal Herriko bi talderen kontra egokitu zaizkie lesakarrei, Badaiotz eta Ibarraren kontra, hirugarrena joan den urtean urrezko domina lortu zuen Txina Taipeiko Jingmei Dai Shi Dei taldearen kontra, laugarrena Abadiñoren kontra, bosgarrena Antsoainen kontra, seigarrena Txina Taipeiko University of Taipei taldearen kontra, zazpigarrena Herbeheretako De Watermannen kontra, zortzigarrena China Ansteel talde txinatarraren kontra, bederatzigarrena Irlandako Clonmanyren kontra eta hamargarrena Herbeheretako Monickendam taldearen kontra. Guztiak irabazi ditu Beti Gaztek nagusitasunez.
Hasieran Asiako taldeen beldur baziren ere, lehen faseko lehen bi postuetan Euskal Herriko bi talde suertatu dira, Lesakako Beti Gazte eta Ibarra, hirugarren Txinako China Ansteel eta laugarren Txina Taipeiko University of Taipei. Beraz, euskaldunen eta asiarren arteko gurutzaketak izan dira finalerdietan eta bietan euskaldunak gailendu dira. Finalean, Beti Gazte nagusitu zaio Ibarrari. Brontzerako lehian Txinako taldeak irabazi dio Txina Taipeikoari.
Hasieran Asiako taldeen beldur baziren ere, lehen faseko lehen bi postuetan Euskal Herriko bi talde suertatu dira, Lesakako Beti Gazte eta Ibarra, hirugarren Txinako China Ansteel eta laugarren Txina Taipeiko University of Taipei. Beraz, euskaldunen eta asiarren arteko gurutzaketak izan dira finalerdietan eta bietan euskaldunak gailendu dira. Finalean, Beti Gazte nagusitu zaio Ibarrari. Brontzerako lehian Txinako taldeak irabazi dio Txina Taipeikoari.
Amaia Leiza, Udane Arbelaitz (Oiartzun), Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Etxegarai (Bera), Maialen Lopez, Ainhoa Ubiria eta Maria Iantzi (Igantzi) izan dira lehen aldiz munduko txapeldun suertatu den Beti Gazteko emakumeen sokatira taldean, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta Karmele Pikabea laguntzaile zituztela. We are the champions ez ezik, Beti Gazteren himnoa ere entzun da Suedian.
Aipatzekoa da emakumeen bi domina horietaz gain, Euskal Herriko bertze talde bat, Lapurdiko Zuraidarrak ere podiumera igo dela goizeko saioan, gizonezkoen 680 kiloko kategorian. Herbeheretako Monickendam izan da txapeldun, Irlandako Cockhill bigarren eta brontzerako lehian, Zuraideko taldea nagusitu zaio Italiako ASC Cobra Fermo taldeari.
23 urtez beheitiko txapelketa mistoan ere zilarrezko domina irabazi du Abadiñok, Txina Taipeiko unibertsitateko taldearen kontra finala galduta. Berriozar laugarren izan da, brontzerako lehian Herbeheretako De Watermannen taldearen kontra galduta.
Arratsaldean Beti Gazteko gizonezkoen txanda izanen da, 600 kiloko kategorian lehiatzen hasiak baitira dagoeneko.