Lehen aldiz 640 kiloko kategorian munduko txapeldun suertatu da Beti Gazteko gizonezkoen sokatira taldea

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 9a, 13:30

Beti Gazteko gizonezkoek lehen aldiz lortu dute munduko txapeldun izatea 640 kiloko kategorian. Country Club (Ipar Irlanda) bigarren eta Deinum Britsum (Herbehereak) hirugarren. Zuraide laugarren izan da.

Gizonezkoek pisu honetan estreinakoz lortu duten urreaz gain, emakumeek zilarrezko domina lortu dute 540 kiloko kategorian

Helsingborgen (Suedia) jokatzen ari diren munduko sokatira txapelketako otsailaren 9ko jardunaldian, ortzirale goizean emakumeen 540 kiloko eta gizonezkoen 640 kiloko kategoriatan lehiatu da Beti Gazte, eta bietan finalerako txartela lortu du. Gizonezkoek urrea lortu dute (lehen aldiz dira munduko txapeldun pisu honetan), finalean, atzoko 600 kiloko finalean bezala, Ipar Irlandako Country Club menperatuta eta emakumeek zilarra, Txina Taipeiko Jingmei Daishi Dai taldearen kontra galduta.

Gizonezkoen 640 kiloko kategorian, hamahiru talde lehiatu dira nor baino nor gehiago, bi multzotan banatuak. Beti Gaztek lehen faseko tiraldi guztiak irabazi ditu bata bertzearen ondotik, Country Club (Ipar Irlanda), Cockhill (Irlanda), Björke (Suedia), Bartlehiem (Herbehereak), Lagerwij (Herbehereak) eta ASD Cobra Fermo (Italia) taldeen kontra. Honela, multzo buru bezala, bertze multzoan bigarren izan den Zuraidarrak taldearen kontrako finalerdia irabazi dute eta finalean, Ipar Irlandako Country Club izan dute arerio berriz ere.

Finalean, goizeko azken tiraldian, goizeko lehenbizikoan izan duen arerio bera izan du Beti Gaztek, Ipar Irlandako Country Club. Beraz, 600 kiloko txapelketako finala errepikatu da 640 kilokoan ere eta oraingoan ere lesakarrak nagusitu dira. Pisu honetan lehen aldiz lortu du urrezko domina Beti Gaztek, aitzinetik zituen seiak pisu arinenetan irabaziak baitzituen, hiru 560 kilotan (Carlow 1999, Slagharen 2000 eta Parkgate 2023) eta bertze hiruak 600 kilotan (Slagharen 2000, Glasgow 2004 eta Helsingborg 2024). Beti Gazteko gizonezkoen munduko zazpigarren urrezko domina, beraz, inoiz lortu gabeko kategoria batean lortu dute.

Brontzerako lehian, Herbeheretako Deinum Britsum taldeak irabazi dio Lapurdiko Zuraidarrak taldeari, hirugarren tiraldian.

Beti Gaztek orain arte mundialean lortutako urrezko domina guztiak 560 eta 600 kiloko kategoriatan lortuak ziren. Beraz, lehen aldia da 640 kilotan urrezko domina lortzen dutena. Euskal Herriko bertze taldetako bi tiralari hartu dituzte “apopilo” pisua irabazteko eta zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Ander Mitxelena, Lander Otermin (Ibarra), Galder Gobantes (Abadiño), Oskar Telletxea (Igantzi), Beñat Ordoki, Eneko Saldias eta Julen Palenzuela aritu dira tiran, Paxkual Taberna entrenatzaile eta Iñigo Altzugarai laguntzaile zituztela.

 

Beti Gazteko emakumeak txapeldunorde 540 kilotan

Emakumezkoen 540 kiloko kategorian, berriz, sei talde lehiatu dira eta lehenbiziko fasean, txapelketako lehen tiraldiak galdu ditu Beti Gaztek, Txina Taipeiko Jingmei Daishi Dai taldearen kontra. Gainerako guztiak irabazi ditu eta honela, bigarren postua eskuratu du. Hirugarren izan den Ibarraren kontrako finalerdia irabazi eta mundialeko bigarren finalera sailkatu dira lesakarrak. Finalean, berriz ere Txina Taipeiko Jingmei Daishi Dai taldea egokitu zaio arerio eta, lehen fasean bezala, berriz bi tiraldiak irabazi ditu Asiako taldeak, urrezko domina lortzeko.

Zilarrezko domina eskuratu duen emakumeen taldean Amaia Leiza, Karmele Pikabea, Udane Arbelaitz (Oiartzun), Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Etxegarai (Bera), Maialen Lopez eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu dira tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta Ainhoa Ubiria laguntzaile zituztela.

Beti Gazte eta Txina Taipeiko taldea, 540 kiloko finalean. Asiako taldea nagusitu da.

Brontzerako lehian Gipuzkoako Ibarra nagusitu zaio Txina Taipeiko Jingmei taldeari. Hiru tiraldi behar izan dituzte gipuzkoarrek brontzea eskuratzeko.

Jingmei Daishi Dai (Txina Taipei) munduko txapeldun, Beti Gazte bigarren eta Ibarra hirugarren, emakumeen 540 kiloko kategorian.

 

Eneko Iribarren amaiurtarra 23 urtez beheiti munduko txapeldun

23 urtez beheitiko mutiletan, Euskal Herriko bi taldek jokatu dute finala, Abadiño-Berriozar eta Zuraidarrak taldeek. eta Nafarroa-Bizkaiko konbinatua nagusitu zaio lapurtarrari. Eneko Iribarren amaiurtarrak, beraz, urrezko domina lortu du, Abadiño-Berriozar taldearekin tiratu baitu.

Eneko Iribarren amaiurtarra munduko txapeldun 23 urtez beheitiko kategorian, Abadiño-Berriozar taldearekin.

Beti Gaztek eta Ibarrak lortutakoak ez dira gaur goizeko domina bakarrak izan Euskal Herriko taldeentzat.

23 urtez beheitiko nesketan, berriz, urrezko domina lortu Abadiño-Berriozarrek, finala Irlandako Clonmany B taldeari irabazita eta brontzeko domina Antsoainek, Izaro Goienetxe amaiurtarra tartean zela.

 

Arratsaldean gizonezkoen pisu arinean eta txapelketa mistoan

Momentuan, jokatu dituen lau kategorietako finaletan sartzea lortu du Beti Gaztek, urrezko hiru domina eta zilarrezko bat lortuz. Arratsaldeko saioan oraindik bertze bi lortzeko aukera izanen du, gizonezkoen 560 kilokoan (gaur egungo munduko txapeldunak dira lesakarak) eta txapelketa mistoan lehiatuko baita Beti Gazte. Larunbatean eta igandean Basque Country ordezkatuko dute Lesakako taldeko tiralariek nazioarteko txapelketan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun