Haurra zela hasi zen musika jotzen Isidoro Fagoaga musika eskolan; txistua hasieran, eta perkusioa eta txistua gero. «Ttikitatik izan dut musika ikasteko nahia, eta urteak eman ditut ikasten, denborarekin zerbait ikasi dut eta horrek balio izan dit herri mailan zein lagun artean jotzeko», kontatu du. Gaur egun, Lesakako Elutxa txarangan eta Berako Bandan jotzen du.
Elutxa txarangarekin, gainera, inauterietan lanean aritzea tokatzen zaio: «Zubietan, Donezteben eta Sondikan aritzen gara. Inauteriak direnez, mozorrotuak joaten gara eta giro hagitz polita izaten da». Hiru herrien artean, Sondika nabarmendu du beratarrak: «Gure eskualdetik urrutien dagoen herria da. Urte aunitz daramatzagu bertan jotzen, urtero deitzen gaituzte eta gu kontent joaten gara bertara».
«Nire dantzako bikoteak segitzen duen bitartean nik ere Inudeetan eta Artzainetan ateratzen segituko dut»
Herrian bertan ere musikari izateak inauteriak bertze manera batean bizitzeko aukera eman dio. Kaldereroetan bandarekin aritzen da jotzen, eta pare bat aldiz, bukaerako ekitaldiko protagonista ere izan da. «Zeremonia gisako bat egiten da bukaeran, ezkontza bat eta baten bat ezkondu behar izaten da, eta egun horretan bandan musika jotzen aritzen naizenez, niri tokatu zait pare bat aldiz», dio irriz.
Kaldereroez gain, Inudeen eta Artzainen desfilean ere musika izaten da protagonista. Irastorza, ordea, dantzan ateratzen da, inudez mozorrotuta: «Nik oraindik dantzatzeko papera ez dut utzia, gustatzen zait egun horretan dantzatzea, eta nire dantzako bikoteak segitzen duen bitartean, nik ere segituko dut dantzan», kontatu du. Hala ere, argi du dantzatzeari uzten dionean, egun horretan ateratzen segituko duela musika jotzen, egun hori «hagitz gustukoa dudalako».
«Normalean beti berandu ibiltzen gara karroza prestatzeko»
Nabarmendu du gustura aritzen dela egun horretan jende aitzinean dantzan: «Inguruan jende mugitua izaten dut,eta ongi pasatzera ateratzen gara, ez da dantza lehiaketa bat izaten». Eta argi du: «ongi pasatzeko eta besta egiteko eguna izaten da».
Bestondoarekin dantzara
Larunbata besta egun handia izaten da Lesakan, eta aunitz izaten dira Inudeen eta Artzainen desfilera kostata ailegatzen diren beratarrak. Bere kasua ere halakoa dela kontatu du: «Gustura egoten naiz Lesakan, eta kostata ailegatzen naiz etxera». Gainera, inude giza mozorrotzeak ere bere denbora eskatzen duela dio: «Badu lan pixka bat prestatzeak, emakumez mozorrotu eta makillatu ere egin behar izaten gara eta. Gainera, gure etxean gustatzen zaie ongi jantzia ateratzea eta niregatik ez bada ere, ingurukoengatik komeni izaten da txukun ateratzea etxetik».
Egun guzia dantzan aritu ondotik, bestaz segitzen dute batzuek, baina ez da Irastorzaren kasua izaten, nahiago izaten baitu etxera deskantsura joatea: «Nabaritzen da aitzineko egunean juerga egina duzula, eta igande arratsalde aldera gorputza nekatzen hasten da eta komeni izaten da etxera joatea». Izan ere, aunitz maite du inauterietako igandea, «egun hagitz polita» izaten baita, baina are maiteagoa du astelehena: «Egun horrek zerbait diferentea du. Egunez egiten duzu besta, goizetik kuadrillarekin aterata eta nire egun gustukoena da».
Astelehenean lagunekin ateratzeko prestaketan hasiak dira: «Normalean berandu ibiltzen gara eta zirripi zarrapa zerbait egiten dugu kuadrillakoak ateratzeko. Urtero erraten dugu zerbait diferentea egin behar dugula baina…». Aurtengo ere badituzte ideia batzuk, baina, oraindik lanean ari dira: «Ideiak bai, baina, egunetik egunera baditugu aldaketak, bai mozorroan, bai karroza nola egin… Beti azken orduan».
Eskean aritzeko txirrinta
Zingar-arroltze eskean ateratzeko ere urtero izaten omen dute asmoa, baina, «beti erraten dugu baietz, aterako garela, baina azkenean gauza bat eta bertze, karrozara igo orduko 10:00ak izaten ditugu, gosaltzera joaten gara, eta azkenean herrian gelditzen gara. Baina txirrinta hori beti dugu», kontatu du. Izan ere, haurra zela gurasoekin eta lagunekin musika lagun, baserriz baserri eskean ateratzeko ohitura zuten, eta gogoan ditu orduko momentu onak: «Hagitz oroitzapen polita dut», dio. «Ttikitatik erakutsi digute inauteriak bizitzeko manera hori eta orain nahiz eta denbora pasa gogo berdinarekin ateratzen naiz».
Berako inauteriak ezagutzen ez dituenak inauterietara gonbidatu ditu Irastorzak: «Igandeko Inudeen eta Artzainen buelta hagitz polita izaten da eta gu gustura aritzen gara, eta astelehenean ere karroza aski politak eta giro ederra izaten da».
Eta inauterien ondotik bestondoa pasatzeko zer: «lanean egun bat libre hartu eta, hala ere, batzuetan kostata!». Berara joaten denak, beraz, izanen du zer ikusi eta non gozatu asteburuan, eta tartean aurkituko du Irastorza dantzan edo karrozan, baina umore onez seguru.