Inauteriak 2024

Beran inauteriak ospatuko dituzte gaur hasi eta astelehenera arte

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 7a, 13:00

Kaldereroek iragarri zituzten Berako inauteriak pasa den astean, eta aste honetan mozorroz eta musika doinuz beteko dira herriko karrikak.

Otsailak 7, asteazkena

Musika eskolako ikasleek inauterietako kontzertua emanen dute. 17:00etan kalejira eginen dute Kultur Etxean hasita, eta 18:00etan kontzertua izanen da Kultur Etxean. Ondotik, txokolatea banatuko diete parte hartzaileei.

Otsailak 8, ortzeguna

Goizean haurren zingar arroltze eskea herrian barna. 15:45ean haurren Inudeen eta Artzainen desfilea eta karrozak suhiltzaileen parketik hasita Eztegara pilotalekuraino. Ondotik, parte hartzaileentzako merienda Eztegara pilotalekuan.

Otsailak 11, igandea

10:00etatik aitzinera Inudeen eta Artzainen desfilea herrian barna Eztegara pilotalekutik hasita. 18:00etan Inudeen eta Artzainen desfilea Eztegara pasealekuan hasita.

Otsailak 12, astelehena

Goizean zingar arroltze eskea baserrietan. Egunean zehar karrozak herrian barna. 18:00etan hasita Bide batez taldearekin erromeria Toki Onako estalpean.

Errandoneatarrak omenduak

Inudeen eta Artzainen antolaketan aritzen den Gure Txokoa Dantza Taldeak Rosa Mari eta Jose Antonio Totono Errandonea omenduko ditu igandean. Aita Joxeperen papera baliatuko dute horretarako, eta anai-arrebak  izanen dira konpartsako protagonistak. Aita Joxepe izanen da bat, eta bere laguntzaileetako bat bertzea.

Dantza taldeak nabarmendu duenez, «urte aunitzetako lanari esker, Berako historia, ohiturak, kultura eta ondarea zaintzea lortu dute Rosa Marik eta Totonok. Lan horretan txoko berezia eman diote beti herriko dantzei eta inauteriei. Beraien artxiboak gure dantzen inguruko historia gordetzen du, baita Inude eta Artzainen ingurukoa ere».

Iaz hasi ziren herritarrak omentzen, eta omendua Martin Goikotxea Goiko argazkilaria izan zen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun