Mozorro Zurien ortzegun goizeko gosariarekin hasi ziren Arantzako inauteriak. Ondotik, eskolako ikasleekin elkartu ziren plazan, eta taldeko argazkia atera eta dantzan aritu ziren elkarrekin. Handik, bi taldetan banatuta, baserri auzoetara joan ziren eta eguna baserriz baserri eskean pasatu zuten. Eskolan ere inauterien seinalea egin zuten herri kiroletan arituz.
Ortzirale goizean, eskolako gaztetxoenak herrian kopla kantari eta zaharrenak baserri auzoetan eskean ibili ziren trikitixa doinuekin eta dantzekin bazterrak alaituz. Eta Mozorro Zuriak herrian ibili ziren puxka-puxka. Ilunabarrean eguna baserriz baserri pasatu zuten gaztetxoei ongietorria beroa egin zieten herritarrek eta ondotik, jende saila bildu zen Aterpean egindako bertso afarian. Bertso afariaren ondotik, goizaldeko ordu ttikiak arte jendea dantzan aritu zen Belfast taldearekin gorapean.
Larunbata ere egun handia izan zen. Eskolako zaharrenak baserriz baserri Eguzkialdea auzoan ibili ziren, eta bitartean, hainbat mozorrorekin agertu ziren herritarrak Goiko Karrikan. Arratsaldean, mozorro gehiago bildu ziren, eta kalejira egin zuten herrian barna. Guraso elkarteak merienda banatu zuen eta opilgileak ere hurbildu ziren plazara opilak musu-truk banatzera. Mozorro Zuriek eta beltzek herri kirol saio ikusgarria ere egin zuten, jendez goitiraino bete zen frontoian, eta zozketan, berriz, Arantxa Elizondo eta Jaione Irigoien izan ziren sarituak. Gauean bestak gorapean eta Goiko Karrikan segitu zuen.