Euskal Herrian dena irabazita munduko sokatira txapelketara prest doa Beti Gazte

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 6a, 12:00

Beti Gazteko sokatira taldea prest dago mundialera joateko. Argazkian Iñigo Altzugarai, Paskual Taberna eta Gerardo Telletxea falta dira.

Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketako kategoria guztietan txapeldun izan da lehen aldiz historian Lesakako Beti Gazte sokatira taldea. Behin Euskal Herriko lanak ezin hobe bukatuta, aste honetan, otsailaren 8tik 11ra Suediako Helsingborgen jokatuko den munduko sokatira txapelketarako begira da Beti Gazte. Klub artekoan ez ezik, nazioartekoan ere Euskal Herria ordezkatzeko eskubidea ongi irabazia du eta dominen lehian borrokatzeko prest dago.

Gainera, aurten 25 urte bete dira Beti Gazteko gizonezkoen taldeak mundialeko urrezko domina lehen aldiz Irlandako Carlow hirian irabazi zuenetik. Geroztik, klub artekoan bertze lau urrezko domina lortu ditu gizonezkoen taldeak bi 2000. urtean Herbeheretako Slagharen hirian, bertzea 2004an Eskoziako Glasgow hirian eta joan den urtean Ipar Irlandako Parkgate herrian.

Iazko marka berdintzea ez du erraza izanen Beti Gaztek. Klub artekoan bortz domina lortu zituzten Ipar Irlandan, tartean urrea gizonezkoen 560 kiloko txapelketan eta bertze lau zilarrezko domina. Parte hartu zuen kategoria guztietako finaletan sartzea lortu zuen Lesakako klubak eta hiru urte lehenago, 2000. urteko Irlandako Letterkennyn jokatuko mundialean bezala, hiru modalitatetan (gizonezkoak, emakumezkoak eta mistoa) podiumera igo zen munduko klub bakarra izan zen. Ez du munduko bertze klub bakar batek ere bertze inoiz hori lortu. Nazioarteko txapelketan ere lau domina lortu zituen Basque Country ordezkatuz, tartean, urrezko domina txapelketa mistoan, Euskal Herriak inoiz lortu duen lehena. Marka hori berriz ere lortzea zail izanen dela jakitun, baina gogotsu joanen dira Suediara Beti Gazteko tiralariak.

Hiru aresoar ere

Beti Gazteko ordezkaritza ez da eskualdeko bakarra izanen Suedian. Amaiurrek ez du tiralaririk eramanen, baina Ibarrako sokatira taldean ariko dira Iñaki Galarraga, Jabier Otermin eta Imanol Baraibar aresoarrak. Baraibarrek Berriozarrekin ere tiratuko du.

 

BETI GAZTEKO TIRALARIAK

  • Beñardo IANTZI MITXELENA (LESAKA, 1970)
  • Jose Angel MITXELENA MITXELENA (LESAKA, 1972)
  • Oskar TELLETXEA MARTIARENA (IGANTZI, 1977)
  • Beñat ORDOKI TELLETXEA (LESAKA, 1999)
  • Julen PALENZUELA ETXEPARE (LESAKA, 1997)
  • Gerardo TELLETXEA AIZPURU (LESAKA, 1969)
  • Unai GURRUTXAGA ERRANDONEA (LESAKA, 1992)
  • Iñigo ALZUGARAI LEGAZKUE (LESAKA, 1988)
  • Paskual TABERNA ZUBIRIA (LESAKA, 1972)
  • Karmelo MITXELENA MITXELENA (LESAKA, 1974)
  • Ander MITXELENA DIAZ (LESAKA, 2004)   
  • Mikel APEZTEGIA MENDIBERRI (Lesaka, 1985)
  • Eneko SALDIAS OTXOTORENA (Sarasate, 1981)
  • Amaia LEIZA IGARTZABAL (Lesaka, 1997)    
  • Maialen LOPEZ TAPIA (LESAKA, 1997)
  • Ainhoa UBIRIA SARASOLA (LESAKA, 1990)
  • Karmele PIKABEA BALEZTENA (SALDIAS, 1980)
  • Maria IANTZI IRIGOIEN (IGANTZI, 1998)
  • Irantzu GOIENETXE BATIZ (LESAKA, 2000)
  • Ane GURRUTXAGA ERRANDONEA (LESAKA, 1996)
  • Udane ARBELAITZ MATEO (OIARTZUN, 1992)
  • Ainhoa ETXEGARAI ELGORRIAGA (BERA, 2002)

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun