Euskal Herriko txapelketaz zer balorazio egiten duzue?
Balorazioa ezin hobea da, zazpi txapel jokoan eta zazpiak irabaztea, hobekiago ezin da. Ongi tiratu izanaren sentsazioarekin, gainera. Gustura aritu gara. Inoiz ez genuen lortu txapel guztiak irabaztea eta datu berezi horrekin ere kontent.
Orain mundiala, zein asmorekin edo helbururekin zoazte?
Asmoak ez dira aldatu eta, aitzineko bi mundialetan bezala, dominen bueltan ibiltzeko helburuarekin goaz Suediara ere, ahalik eta hobekien egitera. Ekipo polita dugu bai mutiletan, bai nesketan, baita mistoan ere eta ahalik eta hobekien egiten saiatuko gara. Horretarako prestatu gara eta esperantza horrekin goaz.
Joan den urtekoa errepikatzea zail izanen da edo posible ikusten duzue?
Iazkoa errepikatzea zail izanen da. Urre bat lortzea hagitz zaila da eta iaz bi irabazi genituen. Klub artekoan bertze lau zilarrezko domina. Ez da marka erraza joan den urtekoa, zaila izanen dela badakigu, baina iazkoak balio digu posible dela ikusteko eta joan den urtean lortu baldin bagenuen, aurten zergatik ez? Aukerak baditugula sinistek balio izan zigun joan den urtekoak. Errepikatzea ez da erraza izanen, seguru aski, baina ahal dena eginen dugu eta ahal baldin bada hobetu ere bai! Podiumera igotzea lortzen baldin badugu, ahalik eta goitiena hobe! Hori dudarik gabe, eta horretan saiatuko gara.