IRANTZU GOIENETXE BATIZ

«Opari honetaz disfrutatu eta dena ematera goaz mundialera»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 6a, 13:00

Irantzu Goienetxe, Beti Gazteko zortzikotearen aitzinean tiratzen.

Irantzu GOIENETXE BATIZ, Beti Gazteko tiralaria

Hirugarren mundiala du Irantzu Goienetxe Batiz, 23 urteko Beti Gazteko tiralari lesakarrak. Euskal Herriari nazioarteko txapelketan lehen urrezko domina eman zion zortzikote mistoan tiratu zuen iaz eta, beraz, munduko txapeldun da. Klub artekoan, Beti Gazterekin brontzea eta hiru aldiz zilarra jantzi du 2020an eta 2023an eta Beti Gazteko emakumeentzat lehen mundiala irabaztea gustatuko litzaioke aurten Suedian, baina «bereziki, disfrutatzeko eta talde bezala indartzeko gogoz» joanen da Helsinborgera.

Euskal Herriko txapelketaz zer balorazio egiten duzue?

Gure aldetik balorazioa hagitz positiboa da. Izugarrizko lana egin dugu, gogor eta gogoz entrenatu dugu, eta ikusi den bezala, esfortzu horrek bere fruitua eman du. Hagitz kontent gaude, lehenengo aldiz parte hartutako zazpi kategorietan txapela irabazi dugulako, orain arte inork lortu ez duena. 

Orain mundiala, zein asmorekin edo helbururekin zoazte?

Aurreko urtean erraten genuen bezala, guretzat ohore bat da Munduko txapelketara joatea, eta gainera, Euskal Selekzio bezala tiratu ahal izatea. Euskal Herriko Txapelketan lan txukuna egin dugun seinalea. Orain opari honetaz disfrutatzera goaz. Ahalik eta txukunen tiratzeko asmoz goaz, baina bereziki, disfrutatzeko eta talde bezala indartzeko gogoz.

Joan den urtekoa errepikatzea zail izanen da edo posible ikusten duzue?

Zalantzarik gabe dena emanen dugu, eta lan txukuna egiten saiatuko gara. Baina aurreko urteko emaitzak lortzea hagitz zaila da, izugarria izan baitzen. Aurten, gainera, aurrekoan baino talde gehiagok parte hartuko dugu, beraz, lehia izanen da eta tiraldi dezente egin beharko ditugu. Baina erran bezala, gure esku dagoen guztia ematen saiatuko gara. Baina ikusiko da, bertze herrialdetako taldeek ere maila hagitz altua erakusten dute. Gainera, aipatzekoa da, aurtengoa bereziki berezia izanen dela. 25. urteurrena da gure taldeko mutilek, Irlandan jokatu zen Munduko txapelketan beraien lehenengo urrezko domina lortu zutela, 560 kiloko kategorian. Ea 25. urteurren honetan, Lesakara zerbait ekartzea lortzen dugun!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun