[Bideoa] Euskal Herria lehen aldiz goma gaineko munduko sokatira txapeldun egin duen tiraldia

Munduko sokatira txapelketa bikaina izan da Lesakako Beti Gazterentzat. Dagoeneko Ipar Irlandatik bueltan dira, klub artekoan bortz domina (urrezko bat eta zilarrezko lau) eta Eukal Herriarentzat lau domina (urrezko bat, zilarrezko bi eta brontzezko bat) lortuta. Txapelketaren eta ongietorriaren berri izan duzue, baina 2014tik Basque Country moduan ofizialki lehiatzen hasi zenetik, historian lehen aldiz Euskal Herriari urrezko domina eman dion azken tiraldi hunkigarria ikusi gabe geunden oraindik. Hona hemen ordainetan estreineko urrea zuen Eskoziaren kontrako azken tiraldi hori.

Munduko txapeldun izan den Euskal Herriko talde mistoa osatu zuten Karmelo Mitxelena eta Ander Mitxelena aita-semeek, Irantzu Goienetxek, Ane Gurrutxagak, Beñardo Iantzik, Beñat Ordokik, Ainhoa Etxegaraik (Bera) eta Maria Iantzik (Igantzi), Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta Paxkual Taberna laguntzaile zutela.
Euskal Herriaren ondotik, Eskoziak zilarra lortu zuen eta Txina Taipeik brontzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun