Inauteriak 2024

«Inauteriak aldatu badira ere, esentzia berdin mantendu da»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 31a, 09:00

«Igantziko gizon lasaia eta umoretsua» da Urtzi Loiarte Iribarren, «ttiki-ttikitan etorri ginen herrira, eta hemen gelditu gara». Bestazalea dela aitortu du, «orain guttiago, baina lehen larunbatero etxetik kanpo egoten ginen». Eta noski, inauteriak ere gustuko ditu; «herriko bestak edo inauteriak, aukeran inauteriak nahiago ditut».

Ohiturak mantentzen

Ttiki-ttikitatik atera izan da, «herrian barna mozorroak ikusten nituenean euren ondoan ibiltzen nintzen. Hori dut lehen oroitzapena». 

Geroztik, «inauteriak aldatu dira, baina esentzia berdina da. Gauzak aldatzen dira, noski, lehen bertze giro bat genuen oraingo gazteekin konparatuta. Baina guri ere gauza bera erran ziguten sartu ginenean. Hala ere, ikusten da segida badela eta mozorroak denbora luzez izanen ditugula».

Izan ere, «mozorro egun horiek aski politak izaten dira. Herriko hainbat adinetako jendea biltzen gara eta etxez etxe ibiltzen gara elkarrekin. Etxeetan izaten dugun harrera ere hagitz polita izaten da. Inauterietan pentsatzean, hori da gehienok burutan duguna».

Etxean egindako mozorroak nahiago

Etxez etxe ibiltzeaz gain, «larunbat ilunabarrean bertzelako mozorroak izaten ditugu, bakoitzak berea». Aitortu duenez, «gaur egun mozorroak erosi egiten ditut, baina lehen etxean egiten zizkidaten. Amak eta izebak egiten zizkidaten eta horietan ditut oroitzapenik hoberenak: pantera arrosa, sevillanaz, aita santuz… mozorro aunitz izan ditut eta aunitz disfrutatu dut horiekin». Lagunarteko irriak ere ezinbertzekoak izan dira, «inauterietan irririk gabe, gaizki. Umorea behar da!».

«Inauterietan umorea beharrezkoa da beti»

Orain guraso izanda, «bertze modu batean» disfrutatzen ditu inauteriak. «Goizeko mozorro kontu horiek alde batera utzi ditugu, eta umeekin bazkalondoko ekitaldietara joaten gara. Baina disfrutatzeko manera badugu beti». Haurrek ere «mozorrotzeko aukera eta beren ekitaldiak izaten dituzte. Haien artean elkartu egiten dira eta inauteri giroa ikusten dute, eta ez zaie gaizki heldu sartzen hasteko».

Etorkizunera begira

Aurtengo inauterietako «gogotsu» dago, «gai bat aukeratzen dugu eta familia guztia berdin mozorrotutata ateratzen gara. Aurten ere pentsatzen ari gara zertaz mozorrotuko garen».

Inauteriak maite baditu ere, «beti bada zer hobetu». Igantziko kasuan, «gazteenen parte hartzea. Biltoki eta Biltoki Ttiki ditugu, eta ttikiek parte hartze handiagoa izatea gustatuko litzaidake». Horrez gain, «udalaren parte hartzea eta laguntza ere eskertuko genuke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun