Inauteriak 2024

«Herria erabat elkartua ikusteko bertze manera bat dira inauteriak»

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 30a, 11:13

Leire BEREAU ETXEBERRIA, Arantzako gaztea

«Prest» eta «gogotsu». Halaxe sumatu dugu Leire Bereau Etxeberria (Arantza, 2004) inauterien atarian, hainbertze maite dituen eta beretzat hain «bereziak» diren inauterien esperoan. Gasteizen egiten ari den Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketak egun batzuetarako bazterrean utzi, eta atorra koadroduna eta galtza urdinak edo zuriak soinean eta bizkarrekoak bizkarrean paratuta, aurten hirugarren urtez aterako da Mozorro Zuri.

Inauteriak «ttikitatik herriko bestarik politenak» iruditzen zaizkiola onartu du Bereauk, eta haurra zeneko «hagitz oroitzapen onak» ditu gordeak: «Mozorro Zuriak eskolara etortzen ziren eta giro ederra izaten zen. Haurrok mozorroei puxka-puxkak bizkarrean paratu eta dantzan ibiltzen ginen». Horrekin batera, «ttikitan herrian barna puxka-puxka ibiltzen ginen eta eskolako azken urteetan gauza bera egiten genuen baserriz baserri. Azken bi urteetan trikitixa jo nuen».

Haurra zeneko momentu eder haiek gogoan, gaur egun Mozorro Zurien paperean pasatzen ditu inauteriak. Duela bi urte eman zuen pausoa, etxean ahizparen bideari segituta: «Ahizpak, Mozorro Zuri atera zen lehenbiziko urtetik, bere bizipenak eta esperientzia onak kontatu izan ditu beti eta giro herrikoi hori izan zen gehien animatu ninduena». Ahizpak emandako gomendioa ere ez du atzendua: «Gomendio bakarra lagunartean egun horiek disfrutatzeko izan zen, baita baserrietako jendea gehiago ezagutzeko aukera probesteko ere». Eta ederki bete zuen hitza , lehenbiziko aldi hura «hagitz esperientzia ona» izan baitzen: «Herria erabat elkartuta ikusteko bertze manera bat izan zen gehien gustatu zitzaidana, baita bertako giroa ere». 

«Eskolako haurrak eta Mozorro Zuriak etxez etxe ibiltzen gara, eta hori da agian gure inauteriak pixka bat bereziago egiten dituena eta gehiago disfrutatzeko bidea ematen diguna»

Aurten ere bide beretik segitzeko asmoa du. Aitortu duenez, Mozorro Zuri atera edo ez inauteriak «aunitz aldatzen dira, dudarik gabe»: «Betitik gustatu izan zaizkit inauteriak eta Mozorro atera edo ez, hagitz egun politak izaten dira denontzat. Egia da eskolako haurrak eta Mozorro Zuriak etxez etxe ibiltzen garela, eta hori da agian gure inauteriak pixka bat bereziago egiten dituena eta gehiago disfrutatzeko bidea ematen diguna».  

Giro berezia

Aurtengo inauteriak otsailaren 1etik 3ra ospatuko dituzte aranztarrek, eta «dena prest» omen dute. «Azaro-abendu aldera hasi ginen prestaketekin eta aurten ere 40 bat lagun izanen gara Mozorro Zuri». Bereau bezala, seguru horietako bakoitza egunak ailegatzeko «esperoan gogotsu» izanen dela. 

Trikitilaria izanda Mozorro Zuri dabilela etxez etxeko eskea trikitixa doinuarekin alaituko ote lukeen ere galdetu dio TTIPI-TTAPAk Bereauri, baina, musikari beteranoen mailaz oroitu da: «Beñat eta Andoni Mitxelena anaiek hain maila altua utzita, zaila izanen da euren mailara ailegatzea. Horregatik, orain momentuan, ez dago neure buruan trikitixa jotzeko aukera hori».

Akaso noizbait animatuko da inauterietan botoiak astintzera, baina bitartean, «herrian sortzen den giroak hain berezi» egiten dituen inauterietan gozatzen segitu nahi du. Eta horixe desio die gainerako herritarrei eta bisitariei: «Aurten ere elkarrekin disfruta ditzagun inauteriak, errespetuz jokatuz eta herria zainduz. Denak ongietorriak izanen zarete Arantzan. Animzte eta ongi pasa inauteriak!»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun