Kulturartekotasuna eta euskara eskutik hartuta Berako Ricardo Baroja ikastetxean

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 20a, 14:00

Ricardo Baroja ikastetxean Euskararen Egunean ateratako irudia.

Kulturarteko harremanak eraiki eta aldi berean euskaraz bizitzen segitzeko helburuarekin, proiektu bat lantzen hasi dira Berako Ricardo Baroja eskolan UEMArekin elkarlanean. Joan den urtean Leitzako Erleta eskolan egin zuten eta kontent daude emaitzak ematen ari dela ikusita.

Nola indartu euskararen erabilera eta presentzia ikastetxeetan, euskaraz ez dakiten familiak alde batera utzi gabe? Nola bermatu familia horiekiko komunikazioa eta nola eraiki kulturarteko harremanak euskara atzendu gabe? Horixe bihurtu da Euskal Herriko ikastetxe aunitzetako erronka. Migrazioarekin lotuta, azken urteotan euskaraz ez dakiten gero eta herritar gehiago ailegatzen ari dira eta aldaketa horren eragina ikastetxeetan ere sumatu dute. 

Erronka horri erantzun nahian, 2021-2022. ikasturtean Zaldibiako (Gipuzkoa) eskolan lanean hasi ziren, Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza Berrikuntza Zentroaren aholkularitzapean eta UEMArekin elkarlanean. Joan den urtean proiektu pilotu horri segida ematea erabaki zuen UEMAk eta lau herritan landu zuten, tartean, Leitzako Erleta eskolan. Euskaraz ez dakiten familien portzentajea % 12koa da Leitzako eskolan, eta joan den ikasturtean hasitako bidea fruituak ematen ari dela kontatu du Ainhoa Belauntzaran Barno Erleta eskolako zuzendariak. Balorazio positiboa egin du (elkarrizketa 16:00etan agertuko da ERRAN.EUSen).

Leitzatik Berara

Arnasgunea edo udalerri euskalduna izatea, ikastetxean etorri berrien kopuru adierazgarria izatea eta zuzendaritzak proiektuan lan egiteko gogoa eta inplikazioa izatea. Horiek dira proiektuan parte hartzeko bete beharreko irizpideak. Ikasturte honetan UEMAko kide diren herrietako ikastetxe gehiagotara zabaldu dute eta horietako bat izanen da Berako Ricardo Baroja ikastetxea.   

Estitxu Pinatxo Ricardo Baroja eskolako ikasketa burua da eta proiektua lantzeko gogotsu dagoela aitortu du.

Estitxu Pinatxo Olaziregi Ricardo Baroja eskolako ikasketa buruak kontatu duenez, «Bortzirietako Euskara Mankomunitateak egin zigun proposamena. UEMAk haiengana jo zuen proiektua Bortzirietan martxan paratzeko egokia ikusten zuten edo ez galdetuz, eta euskara mankomunitateko teknikariek aproposena gure eskola izaten ahal zela pentsatu zuten. Bortzirietako herririk handiena Bera da, biztanle erdaldun gehien dituen herria, eta Bera kontuan hartuta, ikastetxerik handiena gurea da. Bertze ikastetxeetako balorazioak ikusita, parte hartzea erabaki genuen».

Aniztasun handia 

Pinatxoren hitzetan, «maila guztietan badugu kanpoko jendea. Baina ageriagoan gelditzen da ikasle gaztetxoenen taldeetan. Gero eta nazionalitate gehiago dira. Orain dela urte batzuk ere herrian bagenuen kanpoko jende dezente, baina aniztasun hori ez zen hain agerikoa. Gaur egun, badugu Hego Amerikatik etorritako jendea, Afrika iparraldetik etorritakoa, Europa ekialdetik etorritakoa...». Horren erakusle, hiru urtekoen gelako datuak paratu ditu mahai gainean: «Familia euskaldunak hamalau dira eta euskaraz ez dakiten familiak zortzi. Guraso horien jatorrizko herrialdeak Ekuador, Errumania, Moldavia, Portugal, Kolonbia eta Kuba dira».

«Hizkuntza edota kultura ez daitezela oztopo izan»

Estitxu PINATXO, Berako Ricardo Baroja ikastetxeko ikasketa burua

Ikasketa buruak zehaztu duenez, «hainbat kultura ditugu, baina baditugu kultura beretik edanagatik euskaldunak ez diren familiak ere. Alegia, baditugu argentinarrak, moldaviarrak... Baina baita euskaldunak ez diren beratarrak ere». Euskara eta kulturartekotasunaren inguruko proiektu honekin, «errealitate horiei guztiei» erantzun nahi diete: «Helburua denak eskola komunitatearen parte sentitzea da. Aunitzetan kulturagatik edo hizkuntzagatik familia guztiak ez dira berdin inplikatzen, ez dutelako euren lekua harrapatzen, edo seme-alaben gelako gainontzeko gurasoekin ez dutelako harremanik... Hori agerikoa izaten da guraso elkartean parte hartzerakoan, eskola kontseiluko partaide izateko garaian, eskolak antolatzen dituen ekitaldietan... Gehien inplikatzen direnak bertako guraso euskaldunak dira, edo euskaldunak ez diren bertako gurasoak. Barrera horiek hautsi nahi ditugu». Gaineratu duenez, «guztien arteko harremanak sustatzen saiatuko gara, zubi lana egiten, eta ea denon artean lortzen dugun denak eskolaren parte sentitzea eta jendea inplikatzea. Hizkuntza edota kultura ez daitezela oztopo izan».  

Gurasoei aurkezpena 

Joan den apirilean eman zituzten proiekturi lotutako lehenbiziko pausoak, «baina proiektu handia da, eta poliki-poliki aldaketak eginen ditugu». Talde eragilea zuzendaritzak, irakasle batek, guraso elkarteko kideek, udaleko ordezkari batek eta UEMAko teknikariak osatzen dute eta irail hasieran bertze bilera egin zuten proiektuaren inguruko xehetasunak lotzeko. Pinatxok aipatu duenez, egunotan UEMAko teknikariak irakasleei proiektua aurkeztekoa zien, eta hurrengo hitzordua ortzegun honetan, irailaren 21ean, eginen dute: «Aurkezpen orokorra izanen da, familia guztiei Berako Kultur Etxean eginen dieguna». Bertzeak bertze, UEMAko teknikariak eta eskolako ordezkariek parte hartuko dute. Baita udal ordezkariek ere: «proiektu honek udalei ere bidea ireki nahi die, ez ikastetxeei bakarrik», dio ikasketa buruak. «Aurkezpenean proiektua zer den, zein helburu dituen... azalduko diegu familiei. Euskara izanen dugu ardatz, baina gainontzeko errealitateak ere kontuan hartu nahi ditugu». Bide batez, «proiektuaren leloa transmititu» nahi dutela ere nabarmendu du Pinatxok: «Denok gure partetik zerbait eman behar dugu dena ez galtzeko».

Gaur-gaurkoz, ortzeguneko bilerara begira jarriak dira eta aurkezpen bileran «ahalik eta familia gehien biltzea» nahi dute. Helburu horrekin, «guraso elkartearekin elkarlanean erraztasunak» emanen dituztela argitu du: «haurtzaindegi zerbitzua paratuko dugu eta merienda emanen dugu. Nola ez, aldibereko itzulpen zerbitzua ere martxan izanen da». 

Eskolako familia guztiei egin nahi izan die parte hartzeko deia, «denak proiektu honen parte direlako». Hala ere, dei berezia «euskaldunak ez diren familiei» egin die. Ez daitezela gelditu euskaldunak ez direnak etorri gabe, aurkezpena euskaraz izanen dela eta ez dutela ulertuko pentsatuz. Denak etortzea nahi dugu».   

«Xuxurlariak eta Telegram erabiliko ditugu»

Estitxu PINATXO, Berako Ricardo Baroja ikastetxeko ikasketa burua

Alde batetik xuxurlariak 

Euskarak hizkuntza nagusia izaten segi dezan, hainbat baliabide  landu izan dituzte ikastetxeetan, arazoaren konponbidea ez baita denek gaztelaniaz egitea, nahiz eta denek edo ia denek jakin. Ricardo Barojako kasuan, «guraso bileretan, orain arte, irakasleak azalpenak ematen zituen, eta familiek aditu eta zalantzaren bat izanez gero galdetu egiten zuten. Oinarrian bilerak euskaraz egiten genituen, baina bi arazo hauek ikusten genituen. Alde batetik, familia erdaldunak erdia ulertu gabe gelditzen ziren, eta bertzetik, elebitan egin behar izanez gero, euskaldunek bi aldiz aditu behar izaten zuten bilera guztia, eta iraupen aldetik ere bikoitza». Horregatik, ikasturte honetan bileren formatua aldatzea erabaki dute: «ikasturte hasierako bileretan, hasierako ordu erdian irakasleak informazioa emanen die, labur-labur, eta gainontzeko ordu erdian familien arteko harremanak sustatu nahi ditugu, dinamikak eginez, elkarrekin solas egin dezaten, elkar ezagutu... Bilera horietan, itzulpena behar duen familia bakarra izanez gero, xuxurlaria izanen du ondoan, hau da, aldibereko itzulpena eginen dio. Euskaraz ez dakitenak gehiago baldin badira, Telegram aplikaziora joko dugu».

Eta bertzetik Telegram

Telegram aplikazioa eskuko telefonoan deskargatu (debaldekoa da), eta familiek itzulpena momentuan hartzen ahal dute. «Guk euskara hutsean bidaltzen ahal ditugu mezuak, eta familiek nahi duten hizkuntzan hartuko dute mezua, Telegram konfiguratua duten hizkuntzan», azaldu du Berako eskolako ikasketa buruak. «Hori sekulako aurrerapausoa da guretzat. Gure errealitatea ez da euskaldunena edo gaztelaniaz aritzen direnena bakarrik, eta xuxurlariaren funtzioa momentuz gaztelaniaz bakarrik egiten ahal dugu, ez dugu bertze bitartekorik. Telegramek edozein hizkuntzatara aldibereko itzulpena egiteko aukera ematen du. Poliki-poliki ikasiko dugu eta martxa hartuko dugu». 

«Gure begirada zabaldu behar dugu»

Estitxu PINATXO, Berako Ricardo Baroja ikastetxeko ikasketa burua

Lanerako prest

Pinatxok onartu du «erronka handia» dela kulturarteko harremanak eraiki eta aldi berean euskaraz bizitzen segitzea, eta jakitun da proiektuak lan eta inplikazio gehigarria ekarriko diela. Hala ere, «prest» daudela dio eta «ilusioz eta gogotsu» daudela gaineratu du: «Herri gutti batzuetan hasi ziren eta egin dutenek hagitz balorazio ona egin dute. Geroztik Euskal Herriko ikastetxe aunitz sartu gara proiektu honetan eta ematen du bere fruituak ematen ari dela». Gehiago ere erran du: «Hagitz proiektu polita da, denon onerako izanen dena. Zabal dezagun begirada eta saia gaitezen denon artean gure beldurrei eta kezkei irtenbidea bilatzen». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun