RICARDO BAROJA ESKOLAKO GURASO ELKARTEA

«Familia guztien ahotsa aditu eta elkarrekin egin behar dugu aitzinera»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 20a, 15:00

Berako Ricardo Baroja ikastetxeko Guraso Elkartea ere buru-belarri sartu da euskara eta kulturartekotasuna lotzen dituen proiektu honetan, eta gurasoak talde eragileko partaide ere badira. Eurengana hurbildu da TTIPI-TTAPA, eta bertzeak bertze, euren kezkak, proiektuaren nondik norakoak eta helburuak izan dituzte hizpide. Bide batez, ortzeguneko aurkezpenera joateko gonbita egin dute. 

Zer iruditzen zaizue zuen ikastetxeak halako proiektuan parte hartzea? 

Eskolan seme-alabak ditugun hainbat errealitatetako familien integrazio saiakera interesgarria dela iruditzen zaigu. Hagitz kontent gaude bidea egiten hasteko aukera dugulako.

Gurasoei kezka sortzen dizuen gaia da? 

Badugu kezka, bai, ikusten dugulako zer hobetua badugula eskola komunitateko alde batekoen eta bertzekoen arteko komunikazioan eta harremanetan. Eta proiektu honen bitartez pausoak aitzinera emanen ditugula iruditzen zaigu.

«Batez ere familien parte hartzeak kezkatzen gaitu»

Zein dira gurasoek dituzuen kezkak? 

Guraso elkartean familien arteko eta familien eta eskolaren arteko harremanak indartzeko bide berriak jorratzea genuen jomuga. Proiektu berritzailea da eta gogoz eta ilusioz ekin diogu bideari, baina ziurgabetasuna ere sumatzen dugu... Batez ere familien parte hartzeak kezkatzen gaitu. Eskolako familia guztiak bertan egotea beharrezkoa izanen da, guztion ahotsa aditu eta elkarrekin aitzinera egiteko. 

Hizkuntzari lotuta arazorik izan duzue? 

Erran bezala, badira landu beharreko alderdiak. Proiektu honekin, euskara erdigunean jarriko dugu, baina eskolako familien jatorrizko hizkuntzek merezi duten lekua izanen dute eta komunikazio bide berriak probatuko ditugu denak eroso egoteko eta lekua izateko.

Zein da gurasoen arteko hizkuntza?

Gure nahia euskaraz funtzionatzea izanagatik, horretarako zailtasunak izaten ditugu, gurasoen artean aski hizkuntza errealitate diferenteak daudelako. Proiektu honek horri aterabide bat emanen dio.

«Euskaraz ez dakiten familiak gero eta gehiago dira»

Urte  hauetan aldatzen ari da gurasoen eta familien arteko errealitate soziolinguistikoa? 

Bertze toki aunitzetan bezala, Beran ere aldaketa sumatzen da. Oro har, euskaraz ez dakiten familiak gero eta gehiago direla ikusten dugu. Ez dugu pentsatu behar, halere, denak estatutik kanpo etorritako familiak direnik, bertakoak edo estatukoak diren familia batzuk ere egoera horretan baitaude.

Proiektu honi lotuta, orain artekoaz zer balorazio eginen zenukete talde eragilean? 

Ongi ari garela uste dugu. Lanerako gogoz gaude eta talde eragilekoak ikas komunitatean ekarriko dituen onura guztien fruituak ikusteko gogoz gaude. 

Proiektuak euskarari zer ekarpen eginen diola uste duzue?

Euskaraz bizitzen, komunikatzen eta harremanak izaten lagunduko digun proiektua izatea espero dugu, baina gure hizkuntzan moldatzen ez diren familiekiko komunikazioa eta harremanak bermatuta eta indartuta. Hori da proiektu horren funtsa eta berritasuna.

«Bizikidetza osasuntsu baten oinarri interesgarria izan daiteke»

Irailaren 21eko aurkezpenari begira, zer mezu emanen zeniekete eskolako gurasoei? 

Proiektuak familien arteko eta familien eta eskolaren arteko harremanak hobetzea helburu duenez, guztion parte hartzea garrantzitsua ikusten dugu. Denon ahotsa aditzea hagitz garrantzitsua da eta bizikidetza osasuntsu baten oinarri interesgarria izan daitekeela uste dugu. Gure seme-alaben heziketan ere eragin positiboa izanen duela iruditzen zaigu. 

Zerbait gaineratuko zenukete?

Eskolako familia guztiak gonbidatu nahi genituzke ortzegun honetan, irailaren 21ean, 17:00etan, Berako Kultur Etxean izanen den aurkezpenera. Zaintza zerbitzua paratuko dugu eta mokadutxo bat egiteko aukera ere izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun