Ainhoa Belauntzaran

«Probatu beharreko bidea da eta emaitzak ematen ari da»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 20a, 16:00
Belauntzaranek lau urte daramatza Erleta eskolako zuzendaritzan.

Ainhoa BELAUNTZARAN BARNO, Leitzako Erleta eskolako zuzendaria

Zaldibiako eskolan hasi zuten UEMAren esperientzia pilotua, eta 2022-2023 ikasturtean beste lau herritara zabaldu zuten. Horietako bat izan zen Leitzako Erleta eskola. Euskaldunak ez diren familien portzentajea % 12koa da Leitzako eskolan, eta kulturarteko harremanak eraikitzeko eta euskaraz bizitzen segitzeko helburuarekin, proiektu honi baiezkoa eman zioten. Ainhoa Belauntzaran Barno zuzendariak «oso balorazio ona» egin du; «probatu beharreko bidea» dela dio, eta «emaitzak ematen» ari dela gaineratu du. 

Euskara eta kulturartekotasunari buruzko proiektua landu zenuten joan den ikasturtean Erleta eskolan. Nolatan izan zen? 

Orain dela bi ikasturte euskara zerbitzuko teknikariak UEMAren ekimen honen berri eman eta ea parte hartu nahi genuen galdetu zigun. Proposamena irakurri eta ongi iruditu zitzaigun. Euskaldunak ez diren familiekin harremanak eraiki eta integratzeko aukera eskaintzen zigun proiektua izaten ahal zela ikusi genuen, eta udalarekin eta euskara zerbitzuarekin batera, parte hartzea erabaki genuen.

«Euskaldunak ez diren familien portzentajea gutxi gorabehera % 12koa da»

Zein da Erleta eskolako errealitate soziolinguistikoa?

Izatez D ereduko ikastetxe bat gara, eremu euskaldunean gaude, eta gehienak euskaldunak gara. Baina badugu euskaldunak ez diren familien portzentaje bat ere, gutxi gorabehera % 12koa. Batzuek gaztelania dute hizkuntza, baina badira aljeriarrak, maliarrak, errumaniarrak, pakistandarrak... 

Errealitate hori asko aldatzen ari da azken urteotan? 

Bai, etortzen diren familia berri horien artean asko dira euskaldunak ez direnak. Igoera handiena orain dela zortzi bat ikasturte hasi ginen nabaritzen, eta eskolan ez ezik, kalean ere ikusten da. 

Proiektu honekin bereziki familiekiko komunikazioan jarri zenuten arreta. Azaldu... 

Bai, hori da, familia guztiak eskolako kide sentitzea nahi dugulako. Beti izan dugu xuxurlarien figura eta euskaraz ez dakitenentzat itzultzaile lanak egin izan ditugu, baina nahi edo ez, aparte gelditzen ziren, fisikoki bakarrik alde batera. Guk, ordea, partaidetza sustatu nahi genuen, eta guraso bileretan Telegram aplikazioa erabiltzen hasi ginen. Gisa horretan, guraso bakoitza nahi duen tokian jartzen da, ez aparte. Telegramek euskaraz idatzitako mezuak nahi duzun hizkuntzara itzultzen ditu. Gainera, hizkuntza dezentetara egiten du itzulpen lana, eta horri esker, denek azalpenak ulertzen ahal dituzte. Lehengo urtean hori erabiltzen hasi ginenetik, gurasoen arteko bileratan asko nabaritu dugu. Txikikeriak dira, baina sartzea edo integrazioa ahalbidetzen dute. 

«Taldean euskaraz ez dakien bakarra baldin badago, xuxurlarien figura erabiltzen dugu. Hiru edo lau baldin badira, Telegram»

Eta xuxurlarien figura baztertu duzue? 

Taldean euskaraz ez dakien bakarra baldin badago, xuxurlarien figura erabiltzen dugu. Bere ondoan jarri eta itzulpena egiten diogu. Hiru edo lau baldin badira, eta gela batean zortzi ere baditugu, Telegram erabiltzen dugu.  

Telegram eta xuxurlarien figura aipatu dituzu. Baina gehiago ere egin duzue... 

Eskolan aniztasunaren astea ospatzen dugu, eta orain dela bi ikasturteko aniztasunaren astean kulturartekotasuna landu genuen. Euskaldunak ez diren beste kulturetako familiak gonbidatu genituen, eta beraien hizkuntza, dantzak, jatekoa... erakutsi zizkiguten. Beraz, integrazio horretan orain dela bi ikasturte hasi ginen. Pasa den urteko ikasturtean, berriz, guraso bileretan dinamikak aldatu genituen. Bileretara gero eta guraso gutxiago agertzen zirela ikusten genuen, bai euskaraz ez dakitenak, baita euskaldunak ere. Eta hori indartzeko bileretarako gonbidapenak ikasleek prestatu zituzten hainbat formatutan: bideoak eginez, postalen bitartez, e-mail pertsonalizatuekin... Bileren formatua ere aldatu genuen. Familiei informazio orokorra aurretik bidali genien, eta bileran azalpen oso azkarra egin ondotik, praktikotasunera joatea erabaki genuen. Hainbat dinamika garatu genituen: matematikako erronka, aniztasunaren inguruko marrazkiak, solasaldi dialogikoak... Gurasoei asko gustatu zitzaien, eta seme-alabei bueltan mezutxo bat utzi genien, globoekin, txartelekin... Bilerara etorri ez zirenek ere prestatu zituzten. Integrazioa indartzeko ekintzak egin genituen eta aurten ere berdin segituko dugu. 

Proiektuaren inguruan, zer balorazio eginen zenuke? 

Oso ona. Lehengo urtean guraso bileretan jarri genuen arreta, eta bai familiek, bai irakasleek oso balorazio ona egin zuten.  

«Soluzioa ez da perfektua, baina emaitzak ematen ari da. Oso proiektu ona da»

Hori da konponbide perfektua? 

Ez. Perfekzioa nahiko zaila da. Integrazioa ez da erabatekoa eta soluzioa ez da perfektua, baina probatu beharreko bidea da eta emaitzak ematen ari da. Oso proiektu ona da. 

Aurten proiektua beste hainbat herritan jarri dute martxan, tartean, Beran. Zer aholku emanen zenieke? 

Inplikazio handia eskatzen du. Familien parte hartzea bultzatuz, kontzientzia handiarekin egin genuen lanketa, zuzendaritzatik banaka telefonoz deituz aritu ginen, etortzeko esanez. Hasiera guztiak bezala, kostatzen da, eta familiek «Zertarako joan behar dut? Ez naiz hemengoa» sentimendua zutela iruditu zitzaigun. Barrera horiek hausteko lan egin behar da, eta batzuk gainditzea lortu dugu. Beraz, aholkua? Pazientziarekin hartzeko eta beraiengana asko hurbiltzeko, tratu pertsonala indartzeko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun