Ekitaldiz beteriko asteburua izanen dute Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 28a, 09:00
Bihar izanen da 4x4 erakustaldia Berako Postako eremuan.

Heldu den asteazkenean hasiko dira Berako bestak, baina, horren aitzinetik ekitaldiz beteriko asteburua izanen dute, eta kirola izanen da protagonista.

Bihar arratsaldean, uztailak 29,  14:30ean 4x4 autoen ikuskizuna izanen da Postako eremuan. Boma 4x4 elkarteak antolatu du proba. Ordu berean, kuadrilla arteko saskibaloi txapelketa izanen da 3x3 modalitatean kiroldegi aitzinean. Izen ematea egunean berean egin beharko da bertan.

Ordu erdi beranduago, aldiz, 16:30ean Ehiza eta Arrantza elkartea antolatuta, plater tiroa izanen da minifoso modalitatean Lizuniagako tiro eremuan. Lehiaketan herritarrek zein kanpokoek parte hartzen ahalko dute. Iluntzean, aldiz, 20:00etan, Gure Txokoa Dantza Taldeak dantza jaialdia eginen dute Eztegarako frontoian.

Igandean ere kirola izanen da protagonista. 11:00etan kadete mailako Berako XX. txirrindularitza saria eginen dute Gure Txokoa elkarteak antolatuta. 16:00etan, aldiz, 3x3 modalitateko saskibaloi txapelketa izanen da, baina kasu honetan federatuentzat. Bezperan bezala, izen emateak egunean berean egin beharko dira.

Asteburuaren ondotik, asteartean, Berako Gau Krosa eginen dute Manttale Taldeak antolatuta. 7,4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute lasterkariek eta izen ematea dagoeneko irekia dago.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun