Bestak 2023

«Kotxearekin edo kotxerik gabe, aunitz disfrutatzen ahal da 4x4 erakustaldian»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 28a, 10:00
Xabier Mayordomori gaztetatik gustatzen zaio motor mundua, eta gaur egun Boma 4x4 elkarteko kidea da.

Besta aitzinetik ere besta giroa izanen da Beran. Ekitaldiz beteriko asteburua izanen da, eta tartean 4x4 ikuskizuna eginen dute. Larunbatean izanen da Posta eremuan 14:30ean hasita. Xabier Mayordomo Almandoz da ikuskizuneko antolatzaileetako bat.

Ttikitatik motorrari zaletasun handia dion Berako gaztea da Xabier Mayordomo. Haurra zela sortu zitzaion motorraren eta horren inguruko modalitate denen inguruko interesa, eta geroztik afizioa haunditu baino ez da egin. Motorraren munduan ere aurkitua du bere gustuko bidea, eta azken urteetan erabat murgildua dago  Berako besten ataria egiten duten 4x4 erakustaldiaren antolaketan. 

Posta inguruan eginen dute aurten ere proba, uztailaren 29an, larunbatean 14:30ean hasita. Berakoa, ordea, lehiaz haragoko proba izanen da, giro ona eta laguntasuna nagusituko baita lehia bazterrean utzita, «eta ez da epailerik izanen». Postan ikusten ahalko denaren azalpena egin du: «4x4 ibilgailuen osaturiko proba bat da. Mota aunitzetako ibilgailuak izaten ahal dira: etxean egindako prototipoekin egindakoak, kotxe komertzial prestatuak… Zulo eta oztopo desberdinak gainditu behar dira ahalik eta akatsik guttiena eginez». 

Aurtengoa prest

Proba historikoa da eta ttikitako oroitzapenak ditu Mayordomok ere, izan ere, 2008an utzi zioten egiteari. Aurtengoa, aldiz, laugarren edizioa izanen dute antolaketa lanetan, 2018an egin zuten lehenengoz, baina tartean pandemia dela eta bi urtez ezin izan dute egin. «Duela urte batzuk pentsatu genuen guk antolatzen ahal genuela, eskualdeko antolatzaileekin solastatu ginen nola egin ikusteko, eta Berako Udalari ere ongi iruditu zitzaion».  Antolaketan ez dira bakarrik aritzen, Bortzirietako eta Malerrekako 4x4 afizionatuak elkartuta taldea sortua baitute, Boma 4x4 «eurek Malerrekakoa antolatzen dute eta guk Berakoa, baina elkarri laguntzen diogu». 

Aurtengo edizioa ere prest dute jada, eta «30 parte hartzaile ingurua izanen dira eta jendeari ezezkoa ematen aritu behar izan dugu». Azken urteetan kopurua mugatu behar izan dute, «kotxe aunitz izaten dira eremu berean eta arriskutsua ere izaten ahal da». 

Aitzineko urteetan aritu izan da Mayordomo Berako eremuan, eta aski ongi ezagutzen ditu autoa egun horretarako prest izateko egin beharreko urratsak. «Aunitz suertea izaten da, kotxeak hagitz ongi aguantatzen ahal dizu, edo lehenengo zuloan xehatu». Hala ere, argi dio «nahiz eta kotxea xehatu berdin disfrutatzen dela. Lagun artean egoten zara, eta ez ibilita ere aunitz gozatzen da ikusten». 

Gainera, autoak prestatzen araudirik ez dagoenez,  bakoitzak kotxea bere gustura egiten duela dio, baina «dirua izaten dela muga, kotxe onena diru gehien duenaren baita». Hala ere argi utzi du:  «kotxe zahar batekin disfrutatzen ahal da, eta ez da zertan dirutza gastatu». Diruaz aparte, denbora, hori da 4x4 modalitaterako behar dena, «gainean egon behar zarelako autoa moldatzeko, baina guretzat ez da lan bat, elkar laguntzen dugu, kotxe guztiak ezagutzen ditugu». 

«4x4 proban oztopoak  eta zuloak gainditu behar dira ahalik eta akats guttien eginez»

Iazko edizioa erabateko arrakasta izan zen, «ia 1.000 pertsona etorri ziren.  Hainbertze jenderekin «giro ederra izaten da, musika paratzen dugu, ostatua… eta  parte hartzaileekin afaria ere egiten dugu». Gisa guztietako izaten da «ikusle hagitz gazteak, gurasoak haur txikiekin, jende helduagoa, adinekoak…». 

Hori dena antolatzeko martxoan hasten dira antolaketa lanetan eta hiru lagun ibiltzen dira. Lanean hastean lehenengo gauza «laguntzaileei dirua laguntza eskatzea izaten da. Gastu aunitz izaten dira, eta dirua behar da eta, horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu urtero laguntzeagatik». Egunean berean ere jende aunitzen laguntza izaten dute. Herriko eta eskualdeko jendea biltzen da laguntzen, eta «beraientzat ez da lana izaten, katxondeoa izaten da eta laguntzaileek ere aunitz disfrutatzen dute». Hauei ere «eskerrik asko laguntzeagatik»

Bestarako gogotsu

Gogotsu hartuko ditu bestak Mayordomok, batez ere abuztuaren 2a,  inauteriekin batera urteko egun hori baitu maiteen, «txupinazora joatea eta gero kuadrillarekin bazkaria egitea». Gustatzen zaizkio herriko bestak «bakoitzak «bere modura» eta nahi duenarekin bizitzen dituelako. 

Gonbidapena luzatua da beraz, 4x4 autoez gozatu nahi duenak Postan du hitzordua uztailaren 29an 14:30ean. «Eremurako bidea markatua egonen da, parking bat ere egokituko dugu eta oinez joateko aukera izanen da. 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun