Sustrai Erakuntza fundazioaren bidez, martxoaren 16an zabaldu zen Zelena Renovable SL enpresak Bortzirietan eta Malerrekan zentral elektrikoak egiteko asmoa duela. Zehazki Azkua proiektua garatu nahi du Etxalarko, Igantziko, Sunbillako eta Arantzako lurretan eta Irakurri proiektua Ezkurrako, Eratsungo, Saldiasko eta Beintza-Labaiengo lurretan. Parke eoliko bakoitzak 50 megawatt ekoizteko gaitasuna izanen luke eta dagoeneko sortuko lukeen energia sarera konektatzeko baimena lortu du enpresak.
Gaiaren inguruan kezkatuta, hainbat batzar egin dituzte aranztarrek, eta Arantza Bizirik plataforma sortu dute. Talde horrek deituta, apirilean Sustrai Erakuntza Fundazioko ordezkariekin eta Lesakako Endara Bizirik plataformakoekin hitzaldia antolatu zuten. Geroztik bilera gehiago ere egin dituzte, eta larunbat honetan berriz bilduko dira. 12:00etan herriko plazan egin dute hitzordua. «Arantza eta gure mendiak bizirik» nahi dituztela aldarrikatu du Arantza Bizirik-ek; «utzi bakean gure mendiak».