Zentral eolikoak eskualdean

Herritarren eta ingurukoen interesa piztu du parke eolikoei buruz Arantzan egin duten solasaldiak

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 17a, 14:00

Arantza Bizirik taldeak deituta, parke eolikoei buruzko solasaldia egin zuten joan den ortzirale arratsaldean Arantzako Herriko Etxeko pleno aretoan. Aranztarren interesa ez ezik, inguruko herrietakoena ere piztu zuen. Jende aunitz bildu zen Sustrai Erakuntza Fundazioko ordezkarien eta Lesakako Endara Bizirik plataformakoen azalpenak aditzera.

Arantza Bizirik taldeak gonbidatuta, Sustrai Erakuntza Fundazioko Mikel Saralegi eta Martin Zelaia hurbildu ziren Arantzara. Haiek izan ziren Nafarroan energia berriztagarriek izan duten hedapenaz esplikazioak eman zituztenak. Hainbat datu eta informazio jakingarri paratu zituzten mahai gainean. Horiez gain, Endara Bizirik plataformako hainbat lagunek parte hartu zuten, eta eurek egin zuten ibilbidearen berri emateaz gain, hainbat informazio interesgarri partekatu zituzten.

Jendeak ederki erantzun zuen. Arantzako herritarrekin batera, inguruko herrietakoak ere hurbildu ziren eta hondarrean, ttiki gelditu zen Arantzako Herriko Etxeko pleno aretoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun