Erreka Plaza Zaharraren azpitik pasatzen da, eta lurpeak joaten da Ziaren errekarekin bat egin arte.
Joan den urtarrilaren 10ean, euriteen ondorioz, zulo handi bat agertu zen Plaza Zaharretik Herriko Etxeko Plazara eramaten duten eskaileren ondoan. Uholdearen presioak lurpeko kanalean lur-jausiak eragin zituen, eta garbitegiaren eremuko bere irteera naturalera arteko tartean errekan ibilbide berri bat sortu zen. Gaur egun, inguru horretan dagoen etxe baten sotoan barrena pasatzen da erreka.
Garai hartan, Plaza Zaharreko etxeetako bat hustu behar izan zuten eta bizilagunak etxetik kanpo egon behar izan zuten egun batzuetan, etxeko egiturak kalterik gabe segitzen zuela baieztatu arte.
Nafarroako Gobernuak ziurtatu zuen etxebizitzen zimentazioak ez zuela afekziorik, baina beharrezkotzat jo zuen errekaren lurpeko kanalizazioa berreraikitzea. Izan ere, berriz euriteren bat gertatuz gero, eta gaur egungo egoera kontuan hartuta, afekzio larriak eragin ahal izanen lituzke, ura garraiatzeko kanalak orain duen ahalmena nabarmenki murriztu baita.