Obren aurrekontua 490.000 €-koa da, eta udalak espero du obrak abendurako bukatuta egotea, baldin eta kontratazio-prozesuak aurreikusitako urratsei jarraitzen badie.
Obra horiek egitea premiazko lana zen Berako Udalarentzat, udaberrian egin zen behin-behineko irtenbideak ez baitu ziurtatzen uholdeak gertatuz gero errekako urak behar bezala hustuko direnik.
Horregatik guztiagatik, udalak nabarmendu du «lan gogorra» egin duela obra horiek ahalik eta azkarren egin ahal izateko. Ejekuzio-proiektua maiatzaren amaierarako osatu zen, eta ekainean eta uztailean Nafarroako Gobernuarekin negoziatu dute lanen finantzaketa. Azkenik, gobernuak konpromisoa hartu du obren gastuak ordaintzeko, eta udalak obren lizitazioa onartu du.
Urtarrilaren 10ean agertu zen zuloa Berako Plaza Zaharrean dauden eskaileren inguruan. Zuloa agertu eta berehala Plaza Zaharreko 24 etxebizitzetako bizilagunak etxetik atera zituzten, eta lau egun eman behar izan zituzten etxetik kanpo. Lorenzobaita etxea ere hustu zuten, eta horiek 17 egun eman behar izan zituzten etxetik kanpo.