Elkarrizan-Nagusilan elkarteko boluntarioek egiten duten lana eskertuz, talde honetako arduradun diren Mayte Sanz Ganboa eta Ramon Errandonea Altzugurenek piztu dute Berako bestetako lehen suziria gaur eguerdian Berako Herriko Etxeko balkoian: ‘Beratarrak, gaur nahi genuke oroitzapen bat gure adintuentzako, Gora San Esteban solidarioa!! Gora Elkarrizan Nagusilan!’ ohihukatu dute. Ondotik, bigarren suziria 80 urterekin elkarteko kide beteranoenak piztu du, Jose Mari Lasaga Arribillaga ‘Matxako’k. Baina txupinazoa baino lehen izan da une hunkigarririk Herriko Etxeko Plazan. 2018an txupinazoa bota zuten gerrako ahantziek eta hurrengo urtean lore-eskaintza egin zitzaien plazan ezarritako oroigarrian. Gainera, 1939tik 1941era Beran izan zen 100. Bataloiko Domingo Mengual Segarra presoaren alabak, Vicenta Mengualek eta honen semeak, Rafa Valek, ezusteko testigantza ekarri zuten espreski Valentziako Cabañaletik. Beran izan ziren 2.357 presoetako bat izan zen Mengual.
Ahaztuak gogoratuz ekitaldi hunkigarria
Txupinazoaren aitzineko ekitaldia hasteko, Amaia Monasterio Mazizior eta Nahia Senper Maziziorrek txalaparta jo zuten. Ondotik, aurreskua dantzatu zuten Kattalin eta Ane Berasain Goia ahizpek, Naroa Otamendi Abrilek txistua jotzen zuten bitartean. Denak ere, bere garaian ahaztuak izandako horiek zituzten arbaso. Ondotik, Jon Abrilek hunkituta aurkeztu zituen Valentziako Cabañaletik etorritako Vicenta Mengual eta Rafa Val ama-semeak, 1939tik 1941era Beran preso egondako Domingo Mengual Segarraren alaba eta biloba, hurrenez hurren. Vicentak aipatutakoaren arabera, preso egon arren, Berako herriaren oroitzapen ona gorde zuen bere aitak eta ingurua ezagutzeko aukera izan du aurten. Bezperan, Okalarreko bunker inguruak ezagutu zituzten eta eskerrak eman zizkioten udalari.
Hitzaldiaren ondotik, Mikel Tabernak olerki bat irakurri zuen eta Jokin Pinatxok bere arreba Estitxuren ‘Alargun zoroaren kanta’ abesten zuen bitartean, lore eskaintza egin zen plazako monumentoan.
70.000 euroko aurrekontua
Estitxu Pinatxo zinegotziak aipatu duenez, 70.000 euro inguruko aurrekontua izanen dute aurtengo bestek eta programa ofizialean hala ageri bada ere, aurten ez da kukañarik izanen Illekuetan, Ur Konfederazioak ez baitu horretarako baimenik eman.
Txupinazoa eta gero, ttikiendako goxokiak banatu dituzte eta jendez betetako plazan musika doinuak hasi dira Incansables txarangarekin eta erraldoi konpartsa ere dantzan hasi da, Ezpelur taldeko gaiteroekin. Aurten ere talde sendoa dute erraldoiek eta bi lagun berri hasi dira, Irati Lazkano Elias eta Gorka Romero, baina gehiagorentzako lekua ere badutela aipatu digu Xabier Altzurik.
Arratsaldean segida izanen du bestak. 17:00etan Ezpelur gaiteroek San Jose zahar etxean joko dute. 19:00etan Berako txistularien kalejira Illekuetatik Herriko plazara. 19:00etan txosnen irekiera Toki Onako patioan. 19:30ean batukada Batuklang tadearekin. Ibilbidea: Julio Caro Baroja pasealekua, Uraldea karrika, Altzate karrika, Itzea karrika, Altzate karrika, Mukixu. 21:00etan dantza herrikoiak Altzateko karrikan (fandangoa, arinarina, larrain dantza...) Ezpelur gaiteroen laguntzarekin. 23:00etan kontzertuak Toki Onako patioan: Janus Lester eta Joseba B. Lenoir. Egunean zehar, Incansables txaranga ariko da karrikaz karrika.