«Gehiago jasotzen duzu ematen duzuna baino». Elkarrizan Nagusilan boluntario taldeko kideetako baten hitzak dira. 2004an sortu eta 18 urte beranduago zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak laguntzen jarraitzen du elkarteak, eta egiten duten lana eskertzeko, Berako bestetako suziria piztuko dute abuztuaren 2an. Elkarteko arduradun Mayte Sanz eta Ramon Errandonea izanen dira suziria pizteko ardura izanen dutenak, eta Jose Mari Lasagak botako du bigarren suziria, elkarteko boluntariorik zaharrena baita. Baina, beraiekin batera izanen dira taldeko bertze partaideetako anitz. Izan ere hori nabarmendu dute, talde bat direla eta lana taldean egiten dutela.
Egun, 50 urtetik 80 urtera bitarteko boluntarioek osatzen dute taldea, eta denera 50 lagun inguru biltzen dira. Adinekoen egoitzetan dauden egoiliarrekin paseoak, etxeetara bisitak, ospitaleko kontsultetara laguntza eta garraio zerbitzua eta adinekoen egoitzan abestea dira elkarteko kideek egiten dituzten ekintzak, eta neurri txikiagoan baita helduen alfabetizazioa eta adin txikikoei eskola laguntza ere. 2004an sortu zuten elkartea orduko Berako udal ordezkariek sustatuta, eta Marian Biurrarena izan zen lehenengo lehendakaria.
Elkarlanean
Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin elkarlanean aritzen dira, honek beharrak identifikatu eta Elkarrizan Nagusilan elkartearen bitartez erantzuten baititu behar horiek. Behar hori batez ere bakardadeari aurre egitekoa dela nabarmendu du Jokin Apezetxea Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langileak. Azaldu du boluntarioen lana «profesionalizatzeko» formazioa, segurua eta kilometraje gastua ordaintzen dizkietela. Gainera, konfidentzialtasun klausula bat ere sinatzen dute boluntario denek.
Bereziki egoitzetako egoiliarrekin egiten duten lana nabarmendu du Apezetxeak, boluntarioek egoiliarrei haize berria eramaten dietelako. Boluntarioek ere kontatu dute erabiltzaileek pozarren jasotzen dituztela bisitak egiteko aukera: «Senitartekoekin izugarri gustura egoten dira, baina, gurekin egotean bertzelako harreman eta giro bat sortzen da, gu familia baino, lagunak gara, eta beraiei kontatzen ez dizkieten gauzak kontatzen dizkigute aunitzetan».
Batean eta bertzean ibiltzen dira txangoan, baina, paseo horiek ez direla ibilaldi soilak izaten uste dute, egoiliarrek boluntarioekin elkartu aldiro jendearekin solastatu, eta bereziki «adituak» izateko aukera izaten dutelako. Berriki, Elgorriagako bainuetxean izan dira irteeran, eta ateraldi horretan parte hartu zutenek «zoriontasuna» nabarmendu dute.
Hemendik aitzinera orain artean bezala lanean segitzeko, boluntario gehiagoren beharra dutela azaldu dute. «Gure lanik inportanteenetako bat, paseoan ateratzea da, eta horretarako indarra behar da aunitz gurpildun aulkian daudelako», azaldu dute. Horregatik, deia egin diote elkartearen parte izan nahi duen orori bat egiteko «ateak zabalik ditugu», azaldu dute. Talde alaia direla diote, giro ona dutela, eta boluntarioekin egiten duten lanaz harago, «lagun talde handi bat direla».
Txupinazoa botatzeko prest
Elkarteko boluntarioek gogotsu hartu dute txupinazoa botatzeko ardura, eta nabarmendu dute «pozgarria» dela beraientzat herria beraiekin oroitzen dela jakitea. Egun horretarako plan berezirik ez duten arren, udaletxean elkartuko dira suziria piztu aitzinetik udaleko ordezkariekin batera, eta denek batera ospatuko dute besten hasiera. Lesakako boluntarioren bat, eta Nagusilan elkartekoren bat ere bertaratzea espero dute. Bezperan, aldiz, egoitzako egoiliarren txanda izanen da. 12:00etan txupinazoa botako du aurten 100 urte betetzekoa den Teresa Etxebestek eta horrekin inauguratutzat emanen dituzte aurtengo bestak. Urteroko senitartekoen bazkaririk gabe, baina, luntx ttiki bat ere eginen dute. Horren ondotik, egunero izanen dute bisitaren bat, egoitza herriaren erdialdean izanik, ekitaldietako aunitz igarotzen baitira bertatik: txaranga, erraldoiak, gaitariak... Besten parte aktibo izanen dira, beraz, bertako herritarrak ere.
Udan egonagatik ere, ohiko jardunarekin jarraituko dute Elkarrizan Nagusilanekoek: beren denboraren zati bat bertzeei eskainiz gizarteari onura eginez, eta beraiek ongi dioten gisan, «ematen dutena baino gehiago jasoz».