Bortzirietako Udalen adierazpen instituzionala LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 28a, 18:30
Argazkian Lesakako Herriko Etxea

LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da gaur eta Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak udalek onartutako adierazpen instituzional bateratu hau zabaldu du:

Ekainaren 28an kaleak kolorez eta aldarrikapenez janzten dira LGTBI+ kolektiboaren borroka nabarmendu eta aldarrikatzeko. 1969ko ekainaren 28an Stonewallen (New York) izandako istiluek LGTBI+ kolektiboarentzat inflexio-puntu bat markatu zuten, egun hori erakunde politiko, polizial eta erlijiosoek lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen eta intersexualen aurka ezarritako errepresioari aurka egiteko mugarri izan baitzen.

Hainbat urtetako aldarrikapenaren eta borrokaren emaitza gisa, LGTBI+ kolektiboa geroz eta ikusgaiagoa da. Eskubideen arloko aurrerapenei dagokienez, ukaezina da gure lurraldean eta beste hainbat herrialdetan aurrerapauso nabarmenak eman direla, hala nola, sexu bereko bikoteen ezkontzak legeztatzea, adoptatzeko eskubidea eta 8/2017 Foru Legea (ekainaren 18koa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari Buruzkoa).

Egun, gizartean LGTBI+ kolektiboarekiko onarpen soziala hedatua dagoen arren, kolektiboaren aurkako diskriminazio egoerak ez dira bukatu. Oraindik ere badira mundu guztian eta baita Nafarroan ere homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren ondorioz gertatzen diren eraso eta diskriminazioak.

Ekainaren 28 honetan Bortzirietako Udalok argi dugu oraindik ere asko dagoela borrokatzeko LGTBI+ kolektiboaren eskubideen alde; arrazoiak soberan daudela lesbiana, homosexual, transexual, bisexual zein intersexualen herritar eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko gure bailaran zein lantokietan, ikastetxeetan, familia eta lagunartean, aisialdi eta jai eremuan… Bortzirietako Udalok aniztasun afektibo sexualaren borroka egunerokoa eta herritar guztiona dela ulertzen dugu, horregatik honakoa adosten dugu:

  1. Udalok lan eginen dugu Bortzirietan LGTBI+ pertsonek ikusgaitasuna izatearen alde; kanpainak babestu eta burutuko ditugu, sexu-joera, genero-adierazpen eta sexu- eta genero-identitate, harreman afektibo-sexual eta familiakoen arloan aniztasunak duen balio positiboa sustatzeko.
  2. Babesa ematen diogu, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozial eta erabatekoa lortze aldera, oroimen-datetan ekitaldiak eta jarduerak egiteari, horiek normalizazio-bitarteko eta ikusgaitasunerako bide baitira.
  3. Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak kanpainak sustatuko ditu, LGTBI+ kolektiboko kideek sexu-joera, genero-adierazpena eta sexu- eta genero-identitatea direla-eta jasaten duten diskriminazio anitza desagerrarazten laguntzeko.
  4. Bortzirietako Udalok LGTBI+ kolektiboaren aurka gerta daitekeen edozein eraso gaitzesten dugula eta Bortzirietan horrelako jarrerarik onartzen ez dugula argi utzi nahi dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun