Obren inguruko informazioa eskatu dutela adierazi zuen Satrustegik atzoko agerraldian, «baina ez digute eman». Horregatik uste dute Eusko Jaurlaritzak Bidasoa Ospitaleko ebakuntza geletan egin nahi dituen «obrak bertan behera utzi» behar direla. Egin beharreko ibilbidea «erraza» da Lesakako alkateak erran zuenez: «mahai baten bueltan elkartu eta gaiaz solas egin». Agerraldia Oihana Briones Irungo EH Bilduko zinegotziarekin eta Rebeka Ubera EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko parlamentariarekin egin zuen. Hondarribiko zinegotzia ere han izan zen.
«Kaltetutako udalerriekin, Osakidetzarekin eta Osasunbidearekin mahai bat osatzeko» eskatu zuen Satrustegik, «alderdi guziek aukera izan dezatela mahai baten bueltan lan egiteko». Gaineratu zuenez, «hortik harago, zein obra egin behar diren, nola eta zertarako egin behar diren, aitzinerago eztabaidatzen ahal da». «Edozein gauzatarako irekiak» daudela ere adierazi zuen, eta «osasun publikoa babestearen eta zerbitzua ematearen» garrantzia nabarmendu zuen, «ezinbertzekoa delako eta horrekin ezin delako jokatu».