Osasun Bidasoa Plataformak manifestazioa deitu du Irunen larunbaterako Bidasoko ospitaleko ebakuntza gelak ez ixteko eskatzeko

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 17a, 10:00

Duela hiru aste Irunen egindako elkarretaratzean 500 lagun inguru bildu ziren.

Manifestazioak, bilerak, kontzentrazioak… hainbat mobilizazio antolatu ditu azken hilabetean Bortzirietako, Irungo eta Hondarribiko hainbat herritarrek osatzen duten Osasun Bidasoa plataformak.  Eusko Jaurlaritzako osasun sailak entzungor egiten diela eta, berriz ere karrikara ateratzeko deia egin dute. Larunbatean manifestazioa eginen dute Irungo San Juan plazatik abiatuta 18:00etan.

Bi eskaera nagusi ditu plataformak. Alde batetik Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari egungo proiektua geldiarazteko eskatu diote. Bertzetik, Osakidetzaren, kaltetutako udalen —tartean Bortzirietako bortz herriak—, sindikatuen eta Ospitaleko bloke sanitarioaren artean mahai bat eratzeko eskatu diote Sagarduiri, bertan aztertu daitezen ospitalearen etorkizuneko behar tekniko eta sanitarioei buruzko proposamenak. Gainera, obrak egiten diren bitartean,  beharrezkoak ez diren  lekualdaketak ez egiteko eskatu dute.

«Ez da batere onargarria beste beste batzuetatik jakitea hematologia-zerbitzua desagertuko dela», salatu du plataformak. Eta ea «bigarren mailako herritarrak» ote diren galdetu diete agintariei. «Ardura» eskatu diote Sagarduiri eta herritarrei manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete.

Osasun Bidasoa plataformaren eskariekin bat egin dute Bortzirietako bortz herrietako alkateek, eta ospitaleko lanen esleipena geldiarazteko eskatu zuten urtarrila bukaeran. EH Bilduk bere aldetik Bidasoa ospitaleko bloke kirurgikoaren eraberritze obra ez hastea eskatu zuen urtarrilean ospitaleko atean egindako agerraldian. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun