Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko «esleipen oro geldiarazteko» eskatu du Osasun Bidasoa plataformak

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 11a, 17:00

Gaur eguerdian Irunen egin duten agerraldia.

Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko egungo proiektua geldiarazteko eskatu du gaur berriz ere Osasun Bidasoa Plataformak Irunen egin duen agerraldian. Osakidetzak obra kontratua sinatu duela salatu dute, eta «profesionalen eta udalen ahotsa entzun gabe sinatu izana» leporatu diote Osasun Sailari. Argi utzi dute: «Ez dugu etsiko proiektu honi eta bere bideraezintasunari buruzko egia jakinarazteko ahaleginean».

«Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko esleipen oro geldiarazteko eskatzen dugu, kaltetutako udalerriekin, langileekin, sindikatuekin eta plataformarekin berarekin mahai batean eztabaidatu arte». Halaxe exijitu dute Osasun Bidasoa plataformako ordezkariek gaur eguerdian egin duen prentsaurrekoan. Inguruko herrietako ordezkari politikoen babesarekin egin dute agerraldia plataformako ordezkariek.

Abenduaren 11ko manifestazioak izandako «erantzun handia» oroitarazi dute, «milaka herritarrek babestu baitzituzten gure aldarrikapenak Irungo kaleetan». Baina manifestazioaren ondoko egunetan, «Osakidetzako zuzendari nagusiak Bidasoa Ospitaleko Bloke Kirurgikoa Eraberritzeko Obren esleipen-ebazpena sinatu zuela» jakinarazi dute plataformakoek: «Esleipen-ebazpena 2021eko abenduaren 15ean eman zen, 4.785.522 euroko balioarekin, Construcciones Adolfo Sobrino SA enpresaren alde». Abenduaren 23an Osakidetzako Mahai Sektorialaren bileran, ordea, «sindikatuek berriz hainbat galdera planteatu zizkioten Bidasoa eskualdeko ospitaleko gerentziari, baina zer erantzun jakin ez, eta inprobisazio hutsez aritu zen».

Zumarragako ospitaleko adibidea

Bertzetik, Zumarragako Ospitaleko adibidea jarri dute mahai gainean gaurko prentsaurrekoan: «Harriduraz ikusten dugu nola egin diren gauzak Zumarragako Ospitalea birmoldatzeko plangintzan. Batetik lizitazioa gelditu zen, eta bertzetik, solairu berri bat sortzeko prozesua irauli zuten. Hau da, gure plataformak aldarrikatzen duenaren ildo beretik jokatu dute Zumarragan». Hori ikusita, plataforman «ez dugu ulertzen Zumarragako Ospitalean egin daitekeena zergatik ezin den Bidasoko Ospitalean egin»: «Politika kontua al da? Bidasoko 100.000 herritarrak izanen al gara desegindako ospitale onkologiko baten betelana? Hori da helburua?».

«Bidasoko 100.000 herritarrak izanen al gara desegindako ospitale onkologiko baten betelana?»

Kontuak kontu, Osakidetzak Bidasoa Ospitaleko ebakuntza gelak birmoldatzeko obra kontratua sinatu duela eta, Gotzone Sagardui osasun sailburuari luzatu diete mezua gaurko prentsaurrekoan: «zentzuz joka dezala» eta «herritarren aldarrikapenak entzun ditzala» eskatzeko eta «Bidasoa Eskualdeko Ospitaleko bloke kirurgikoa eraberritzeko egungo proiektua geldiaraz dezala» exijitzeko. «Gainera, jakin badakigu bere lantaldean dimisio eskaerak jasotzen ari dela», gaineratu dute.

Osakidetzaren, kaltetutako udalen, ospitaleko profesionalen eta plataformaren artean mahai bat osatzeko galdegin diote Sagarduiri, gisa honetara, «hurrengo hamarkadei begira ospitaleari behar tekniko eta sanitarioak emateko proposamenak aztertzeko». Eta bide batez, «obrak egiten diren bitartean, beharrezkoak ez diren eta pazienteei nahasmendu larriak eraginen lizkieketen lekualdaketarik ez egiteko» exijitu dute: «Ez dezagun ahaztu 100.000 biztanle inguruko bailaraz ari garela».

Bide horretan, «proiektu honen eta bere bideraezintasunari buruzko egia jakinarazteko ahaleginean» segitzeko konpromisoa berretsi dute; «ez dugu etsiko»: «Euren prozesu ilun, inprobisatu eta inposatuen, sortuko lituzkeen arazo sanitario, profesional eta sozialen, eta Bidasoa Ospitaleak behar dituen benetako handitze premien berri ematen segituko dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun