Hautsak harrotu ditu Hondarribiko Bidasoa Ospitaleko ebakuntza gelak berritzeko proiektuak. Lan horiek iraunen duten 18 hilabeteko epean programatutako ebakuntzak Donostiako Onkologikora eta premiazko ebakuntzak Donostiako Ospitalera bideratu nahi ditu Osakidetzak. Horrek, ordea, «amorrua» eta «beldurra» sortu dute langileen artean, eta «paziente aunitzen bizitza jokoan egon daitekeela» ohartarazi du Bortzirietan ezaguna den Jose Ignacio Kutz Bidasoa Ospitaleko traumatologoak. Proiektuaren «hutsuneak eta gabeziak» izan ditu aipagai eta «pazientearen segurtasunaren gainetik lehentasuna ekonomiari» eman izana salatu du. Gaur egun, Bortzirietako, Irungo eta Hondarribiko 90.000 herritar artatzen ditu Bidasoa Ospitaleak eta Kutzek argi utzi du «gure aldarrikapenak ez direla lan baldintzak hobetzeko. Eskatzen ari garena herritarrak alde batera ez uztea da».
Zein da ebakuntza gelen egoera?
Ebakuntza gelak zaharrak dira eta gehienak hagitz txikiak, ez dituzte guttieneko baldintza batzuk betetzen. Gainera, ebakuntzak egiteko itxaron-zerrenda handitzen doa ez daukagulako nahikoa ebakuntza gelarik. Gehiago izanez gero, gehiago operatuko genuke eta pazienteek guttiago esperatu beharko lukete. Beraz, ebakuntza bloke berri eta handiago bat egitea ezinbertzekoa da egungo egoera hobetzeko.
«Hainbertze arazorekin, proiektua bideraezina dela uste dugu»
Zer iruditzen zaizu proiektua?
Gaur egungo baldintzetan ez dugu obrak hasterik nahi. Planifikaziorik ez da izan eta hutsune handiak ikusten ditugu pazientearen segurtasuna bermatzerakoan. Proiektuari buruz dakiguna ebakuntza gela berrien planoa da. Baina ebakuntza gela berriak izan arte pasatuko dugun prozesua ez da planifikatu. Zuzendaritzak obren kontratua hitzartu ondotik erran zigun 18 hilabeteko lekualdaketa eginen genuela Onkologikora eta erabakia hartu eta gero eskatu zigun zein arazo izan daitezkeen aurreikusteko. Hainbertze arazorekin, proiektua bideraezina dela uste dugu.
Lekualdaketak ezinegona sortu du langileen eta herritarren artean...
Alde batetik, ez da larrialdietarako ebakuntza gelarik mantenduko Bidasoan eta paziente batzuen bizitza jokoan egon daiteke: segur aski jende gehiago hilko da. Bertzetik, zerbitzu aunitzetan ez dago pertsonal nahikoa bi lekuetako jarduerak egiteko, ezin gara inola ere antolatu lekuaren bikoizketa horri erantzuteko. Zuzendaritzak ere ez digu soluziorik ematen, ez duelako aurreikusi. Gainera, Onkologikoko ebakuntza gelek ez dute suspertze gela on bat. Horretarako han ere obrak egitea pentsatu dute, baina gastu gehigarri hori ez diote Bidasoa Ospitaleko obren aurrekontuari gehitu. Egitea pentsatu duten suspertze gela ttikiegia da eta guttieneko baldintzak ez ditu betetzen. Horrez gain, Onkologikoan ez genuke esterilizazio gelarik izanen. Batzuetan ebakuntzetan suertatzen diren ustekabekoei aurre egiteko ezinbertzekoa da esterilizazio gela. Hori gabe, ebakuntza batzuk gaizki atera daitezke. Beraz, arlo aunitzetatik pazientearen segurtasuna arriskuan geldituko litzateke.
«Onkologikoa krisi instituzionalean dago Osakidetzarekin elkartu denetik eta susmoa dugu Bidasoa Ospitalea ez ote diren arazo hori konpontzeko erabiltzen ari»
Langileen artean ia erabatekoa da egitasmo honen kontrako iritzia. Zein giro sumatzen duzu?
Alde batetik, amorrua sumatzen da, zuzendaritzak ez duelako osasun langileen iritzia kontuan izan. Gure proposamenei ez adituarena egin diete, jarrera hertsia dute, malgutasunik gabea. Bertzetik, beldurra dugu, paziente aunitzen bizitza jokoan dagoelako. Eta azkenik ez dugu ulertzen nola ez dituzten ikusten proiektuaren gabeziak hain agerikoak izanda. Onkologikoa krisi instituzionalean dago Osakidetzarekin elkartu denetik eta susmoa dugu Bidasoa Ospitalea ez ote diren arazo hori konpontzeko erabiltzen ari.
«Planteatzen dutena pazienteekin esperimentatzeko modu bat da»
Osakidetzako ospitale publiko batean jarduera kirurgikoa osotasunean 18 hilabetez kenduko duten lehenbiziko aldia da...
Orain arte eraberritzeak bi modutara egin dituzte. Ospitaleari atxikitako egoitza berri bat izanen litzateke gure ustez aukerarik onena. Eraikitzen ari den bitartean ebakuntza gela zaharrak erabiliko genituzkeenez, jarduera ez litzateke murriztuko eta bertan mantenduko litzateke. Horretaz gainera, bloke handiago bat eraiki ahalko litzateke eta zaharren lekua bertze arloak handitzeko erabili: kontsultak, ospitalizazioa, errehabilitazio gelak... Gure ustez, ospitalea ttiki gelditzen ari da eta eraberritze hau hazteko aukera paregabea da. Badira berrikuntza faseka egin dutenak ere eta ezagunak dira horren abantailak eta oztopoak. Planteatzen dutena, ordea, ez da inoiz egin eta pazienteekin esperimentatzeko modu bat da, aurreikusi ez dituzten arazo aunitz izanen baitira.
Lekualdatuta pazienteek Bidasoa Ospitalean duten zerbitzua ez dute bermatua izanen?
Zerbitzu gehienak bermatuta izanen dira, baina argi dago gutti batzuek ez dituztela behar dituzten baliabideak aurkituko. Bizitzak galtzea prezio garestiegia dela uste dugu, batez ere alternatiba hobeak daudelako.
Orain itxaron-zerrendak luzeak baldin badira, zer gertatuko da obrak hasten direnean?
18 hilabete horietan guttiago operatuko genuke, ebakuntza gela eta medio gutxiago izanen ditugulako. Adibidez, esterilizazio gela bat ez bertan izateak ebakuntza batzuk egiteko aunitz mugatuko gaitu. Gainera, ebakuntza bloke handiago bat eginen balitz, gehiago operatzeko aukera izanen genuke, itxaron-zerrendak murriztuz. Baina hau ez da epe luzera begira egindako plan bat.
Bidasoa Ospitaletik Donostiako ospitaleetara 20 minutu daude. 20 minutuak luzeak izan daitezke...
Denbora kritikoa ez da 20 minutuko tarte hori bakarrik. Paziente bat Bidasoara badator, larrialdietan prozesu bat pasatu beharko du. Operatzeko lekuz aldatzea erabakitzen bada, anbulantzia bat eskatu beharko da eta badakigu batzuetan esperatu behar izaten dela. Lekuz aldatu ondotik, Donostian artatuko dute, bertze profesionalek tratatuko dute eta kasua ongi begiratzeko denbora beharko dute. Tarteko pauso aunitz daude, denbora eta koordinazioa galaraz dezaketenak.
Alde bakarreko erabakia izan da?
Zuzendaritzak ez du osasun langileen iritzia deusetarako eskatu. Proiektua eginen zela erabaki zutenean, hasieratik erran genuen ez genuela hori egitea posible zenik uste, baina ez dute guk errana kontuan hartu. Bueltarik ez duela diote eta orain eskatu digute zein arazo izan daitezkeen errateko. Arazoen aurreikuspen on bat egin izan balute, ez lukete sekula proiektu hau aitzinera aterako. Baina guztia alderantziz egin dute: lehenbiziko baimenak itxi eta gero zein arazo izan daitezkeen ikusi.
«Pazientearen segurtasunaren gainetik, lehentasuna ekonomiari eman diotela dirudi»
Proiektua birplanteatzeko eskatu duzue. Zer espero duzue?
Eskatu dugu, baina egoitza berria egitea garestiegia dela erran digute. Hala ere, ez digute erran zenbat garestiagoa den, horren aurrekontua eskatu duten ere ez dakigu. Balantzan alde ekonomikoa eta pazientearen segurtasuna paratu ondotik, lehentasuna ekonomiari eman diotela dirudi.
«Jendeak erakutsi behar du euren osasunarekin ez dutela jostetan aritzerik nahi»
Osakidetzak proiektua ez dela behin betikoa erran du...
Guri bueltarik ez duela erran digute. Komunikabideetan aurkakoa erran badute, iritzi publikoaren beldur direlako da. Horregatik da hain garrantzitsua biztanleria mobilizatzea. Jendeak erakutsi behar du euren osasunarekin ez dutela jostetan aritzerik nahi.
Zer gertatuko da langileekin?
Ez dakigu. Ez digute informazio hori ematen, segur aski eurek ere ez dakitelako nola egin. Lekuaren bikoizketak langile gehiago behar izatea eraginen du eta zerbitzu gehienek ez dute gaitasunik. Pertsonalaren banaketa aurreikusi ez duten gauzetako bat da.
Obrak bukatutakoan Oarsoaldeko herritarrak ere artatuko ditu Bidasoa Ospitaleak?
Duela gutti iragarri zuten agudo Errenteria, Oiartzun eta Lezoko biztanleak artatuko ditugula. 55.000 lagun bizi dira eta gaur egun 90.000 pertsonako biztanleria hartzen dugu gure gain; gure jarduera % 60 igoko da. Orain instalazioak ttiki gelditzen ari badira, arazoa are handiagoa izanen da ospitalea ez bada proportzionalki hazten. Ebakuntza gela berriak ttiki geldituko dira eta bertze eraberritze bat beharko da. Guztia ongi planifikatu eta lanak behin bakarrik egiteko momentua da. Erraza dirudi ulertzen, baina agintariak ez daude ados.
«Guztia ongi planifikatu eta lanak behin bakarrik egiteko momentua da»
Zein mezu luzatuko zenieke instituzioei eta herritarrei?
Instituzioei zentzudunak izateko eskatuko nieke, ez dirua alferrik gastatzeko eta planifikazioa epe luzera egiteko. Osasun langileek errandakoa entzuteko ere eskatuko nieke, inork baino hobeki ezagutzen baititugu gure ospitaleko eguneroko arazoak. Herritarrei parte-hartze aktiboa izateko eskatuko nieke, euren osasuna baitago jokoan. Aldarrikapenek eragina izateko, hagitz garrantzitsua da guztion parte-hartzea.
Zerbait gaineratuko zenuke?
Gure aldarrikapenak ez dira lan baldintzak hobetzeko. Ez dugu diru gehiago eskatzen, ezta langileen kontratuak egonkortzeko ere. Ebakuntza gela berrien beharrarekin ados gaude, baina ongi planifikatutako proiektu batekin. Eskatzen ari garena Bidasoa eskualdeko eta Bortzirietako biztanleak alde batera ez uztea da. Osasunaren kalitateak guttiengo bat izan dezala eta epe luzerako proiektu egoki bat sustatu dadila. Gure aldarrikapenak bertako biztanleenak dira.