Irungo San Juan plazan abiatu eta jendetza bildu zen Zabaltza plazarainoko bidean. Bertan Tamara Sastre eta Kontxi Zabala plataformako kideek, Jose Mari Arrienda Bidasoa Ospitaleko patologoak eta Esther Martinez anestesia saileko arduradunak hartu zuten hitza. Lau eskaera zehatz egin zituzten: Osasun langileen lan eskubidea errespetatzea, martxan dauden lizitazioak geldiaraztea, Bidasoa Ospitaleko ebakuntza aretoak martxan egotea birmoldaketaren prozesu osoan, eta Bidasoa Ospitaleko profesionalei, udalei, sindikatuei eta Bidasoko elkarteei entzutea.
Aitzinean agertoki iluna dutela salatu zuten, eta ez dutela inolako azalpenik ez herritarrek ezta profesionalek ere. Osasun sailburuari azalpenak emateko eskatu zioten, eta ospitaleko gerentearekin bilera eskatu dutela nabarmendu zuten, baina horrek ezezkoa eman ziela salatu zuten.
Bidasoa Ospitalean eginen den erreformak datozen 30 urteetarako behar tekniko eta sanitarioak ez dituela bermatuko nabarmendu zuten irakurritako oharrean: «Biztanleria hazten eta zahartzen ari da, eta kalkuluen arabera, 100.000 biztanle inguru izango ditugu», nabarmendu zuten. Gainera, lanak bukatzean Oarsoaldeko 55.000 biztanle gehiago ere artatu beharko dituzte erietxean, eta beldur dira ez ote den berritzeko lan gehiago egin beharko.
Gauzak horrela eskaera argia luzatu zuten: «Egungo eraikina handitzea, berritzea eta hobetzea, datozen 30 urteetan osasun zerbitzu publiko egokia izaten jarraitzeko, eta obrek irauten duten bitartean alferrikako eragozpenak saihestea plangintza egokia aplikatuz».