Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgikoko esleipena geldiarazteko eskatu dute Bortzirietako bortz alkateek

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 27a, 15:00

Arantzako, Etxalarko, Igantziko, Lesakako eta Berako alkateek beren kezka adierazi dute Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko prozesua garatzen ari den modua dela eta. «Modu apalean, eskualdeko ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko esleipen oro geldiarazteko eskatzen dugu, kaltetutako udalerriekin, langileekin, sindikatuekin eta plataformarekin berarekin mahai batean eztabaidatu arte» , nabarmendu dute.

Alkateek azaldu dutenez, iazko abenduaren 11n Irunen egindako manifestazioan milaka herritarrek babestu zuten Osasun Bidasoa plataformaren aldarria. «Tamalez , handik egun gutxira Euskadiko Kontratazion Profilean egiaztatu ahal izan dugunez, Osakidetzako zuzendari nagusiak Bidasoa Ospitaleko Bloke Kirurgikoa Eraberritzeko Obren 2021/01771 espedientearen esleipen ebazpena sinatu zuen. Abenduaren 15ean eman zen esleipen ebazpena (ia  5 milioi eurokoa), enpresa baten alde, eta kontratua bost eguneko epean gauzatu behar dela aipatzen da».

Alkateek diotenez, abenduaren 23an Osakidetzako Mahai Sektorialaren bilera egin zen, eta sindikatuek ospitaleko gerentziari  gaiaren inguruko hainbat galdera egin arren, erantzunik ez zutela jaso, eta «inprobisazio hutsez» aritu zirela salatu dute.

Bidasoko Ospitalean, Zumarragako Ospitaleko birmoldatze plangintzarekin egin bezala, obren lizitazioa bertan behera uzteko eskatu dute: «Ez dugu ulertzen Zumarragako Ospitalean egin daitekeena zergatik ezin den Bidasoko Ospitalean egin».

Gauzak horrela, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari «zentzuz joka dezala» eskatu diote; «herritarren aldarrikapenak entzun ditzala, eta Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgikoa eraberritzeko egungo proiektua geldiarazi dezala». 

Amaitzeko, Sagarduiri Osakidetzarekin, kaltetutako udalekin, ospitaleko profesionalekin, eta plataformarekin mahai bahi irekitzeko eskatuko diote, eta Bortzirietako ordezkariak ere mahai horretan egoteko eskaria egin dute «hurrengo hamarkadei begira ospitaleari behar tekniko eta sanitarioak emateko proposamenak aztertzeko aukera egon dadin».

«Ez dugu etsiko proiektu honi eta bere bideraezintasunari buruzko egia jakinarazteko ahaleginean», ohartarazi dute bortz herrietako alkateek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun