Nafarroako Gobernuko geologiako teknikarien eta suhiltzaileen artean koordinatutako lanak erakutsi du eraikinaren zimentazioa ez dagoela kaltetua. Txosten geologikoaren arabera, etxebizitza bloke osoko lurzorua gogorra eta lehorra omen dago. Atzo, Nafarroako suhiltzaile talde bat errekako ubidean sartu zen eta lurra eta materiala pilatu den puntua aurkitu zuen. Uraren pasabidea galarazi zuen tapoi horrek, eta lurpeko pareta bat hautsi ondotik, lurpean doan errekak gainezka egin zuen.
Berako Udala hainbat ingeniaritza enpresarekin harremanetan dago orain egin behar diren berrezartze-lanak eta moduak zehazteko. Desnibel handiko eremua da eta horrek zaildu egiten du makineriak eta langileak segurtasunez lan egitea. Horregatik, hainbat txosten eskatu behar dituzte konponbiderik bideragarriena zein den aukeratzeko.