Euriteak 2022.01.10

«Dena zegoen bezala utzi eta berehala ateratzeko abisua eman ziguten»

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 11a, 14:00
Jabiertxo Leiza, urak Berako Plaza Zaharrean sortutako zuloaren ondoan.

Jabiertxo Leiza, Berako Plaza Zaharreko bizilaguna.

Jabiertxo Leiza Burgete, 39 urteko lesakarra, Berako Plaza Zaharrean uholdeen ondorioz kaltetutako etxebizitza batean bizi da azken bortz urtetan, bikotekidearekin eta 9 eta 5 urteko seme-alabekin. Astelehen arratsaldean agertutako zuloaren ondorioz «berehala» atera behar izan zuten etxetik eta gaua kanpoan eman behar izan dute, «ni eta seme zaharrena Lesakan, gurasoenean, eta bikotekideak Oiartzunen, bere gurasoekin». Kezka eta beldurrez betetako orduak bizitu dituzte, ttikiek batez ere, eta oraindik ezin izan dute beraien etxebizitzetara bueltatu.

Lehendik ere izanak zenituen arazorik auzoan urarekin?

Gu hemen bizi garen denbora honetan ez genuen aparteko arazorik izan, gure pisuan zirrikituren bat izaten genuen, beldur pixka bat ematen ziguna, baina moldaketak egin eta geroztik ez zigun arazo gehiagorik eman. Bizilagunek bai aipatu izan digute aspaldian arazoak izan zituztela urarekin. Erreka azpitik pasatzen da eta noizbait taponatu egin zen eta auzoa urez bete. Duela urte aunitzetako kontua omen da, baina ez da gertatzen den lehen aldia.

Eta orain zer gertatu da?

Ni lanean nintzen, baina bikotekidea haurrekin zegoen etxean eta barrenetik ez omen ziren deusez enteratu. 18:15 aldera tinbrea jotzen hasi ziren eta zulo handi bat bazela eta lasterka ateratzeko abisua eman ziguten, urgentziarekin. Bizilagun batek leherketa gisako bat aditu zuela eta horregatik hasi ziren ateratzeko abisua ematen. Kezka, beldurra, inpotentzia… Dena zegoen bezala utzi eta ateratzeko abisua eman ziguten.

Hori gertatu aitzinetik urik gabe gelditua zineten atzo…

Aitzineko abisurik gabe, goizeko hamaikak aldera urik gabe gelditu ginen etxeetan. Ondotik, udaletxeko teknikari batzuk ibili ziren eta badaezpada ura moztu zuten, ikusteko nondik heldu zen arazoa, non galtzen zen ura. Oraindik ez dute garbi bi arazoek zerikusirik duten. Izan daiteke erreka taponatzerakoan urak bertze bide bat hartzea eta hoditeria lehertzea edo izan daiteke lehenik hodia lehertzea eta horren ondorioz, lurra mugitzea. Hori aztertzen ari da eta hemen dabiltza egun osoan Nafarroako Gobernuko perituak, geologoak, eta bertze teknikoak hori begiratzen. Ez dakite seguru.

Gaua kanpoan eman behar izan duzue. Nola moldatu zarete?

Bizilagun gehienak familiarekin moldatu dira. Hemen inguruan familiarik ez duten bakarren batzuk ostaturen batera joan behar izan dute, Doneztebera. Gure kasuan gurasoen etxeekin moldatu gara; ni Lesakara joan naiz seme zaharrenarekin eta emaztea alabarekin Oiartzunera, banandu behar izan dugu, halabeharrez.

Egun argitan, zertan dago orain egoera… Etxeetara bueltatzeko modurik izan duzue edo agudo izanen duzue?

Lehenbizi uraren hoditeria hori konpondu eta martxan jarri nahi dute, ikusteko bertze kalteren bat baden. Hortaz aparte, gasa ere sartu nahi dute. Geologoek estudioa egin arte egun bateko edo biko kontua izaten ahal dela aipatu digute, ikusteko arriskurik baden edo ez den. Momentuan ezin izan dugu etxera bueltatu, hori segurtatu arte ez digute utziko. Bizilagun bat saiatu da zerbait hartzera etxera sartzen, baina segurtasunagatik ez diote utzi. Gaur ere etxetik kanpo eman beharko dugu gaua.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun