Euriteak 2022.01.10

Hasi dira Berako Plaza Zaharrean agertu zen zuloa tapatzen

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 12a, 17:30

Gaur hasi dira Berako Plaza Zaharrean astelehenean agertu zen zulotzarra tapatzen. Aitor Elexpuru alkateak erran duenez, «hemendik aitzinera konponketa lanak planifikatu eta gauzatuko dira, eta, beraz, oraindik ezin da zehaztu kaltetutako bizilagunak noiz itzuliko diren euren etxeetara». Gertaera bertatik bertara ezagutzeko, Maria Txibite Nafarroako lehendakaria eta José María Aierdi bigarren lehendakariordea Beran egon dira gaur. Ikusi hemen segidan argazkiak.

Txibite lehendakariak José María Aierdi bigarren lehendakariordea eta Aitor Elexpuru Berako alkatea izan ditu lagun. Suhiltzaileen taldea koordinatu duen Amparo López Barne zuzendari nagusia ere bertan egon da.

Nafarroako Gobernuak larrialdiari, azterlan teknikoei eta aholkularitzari dagokienez emandako arretagatik bere esker ona adierazi du Aitor Elexpuru alkateak. Zentzu horretan, Lurralde Kohesiorako Departamentuko teknikariek egindako txosten geologikoa mezu lasaigarri batekin amaitu dela adierazi du; izan ere, egiaztatu da etxebizitza-blokearen azpiko lurrak trinkotasun gogorra duela eta lehor dagoela, ez duela urik.

Gaineratu duenez, hemendik aitzinera konponketa lanak planifikatu eta gauzatuko dira, eta, beraz, oraindik ezin da zehaztu kaltetutako bizilagunak noiz itzuliko diren euren etxeetara.

 

Lehen erortzak abenduan

Lurralde Kohesiorako departamentuko teknikariek egindako txostenean ageri denez, Kalbarioko errekaren goiko partean, etxeetatik goitiago, lursailaren zati bat kolapsatu zen abenduko euriteetan, eta kanalizazioaren zati txiki bat hondoratu zen orduan.
 
Hondoratutako lurrak eta harriak errekan behera eraman zituen urak eta, pixkanaka, ubidea kaltetuta gelditu zen. Horren ondorioz, azken eurite hauetan ura pilatu eta lur-zati bat kolapsatu egin da, eskailerak zeuden tokian, eta, azkenean, kanalizazioa buxatu egin da.

Lehen azterketen arabera, eraikinen zimenduetan ez da pitzadurarik edo patologiarik ikusi eta, orain, eraikinen zimendu horiek egonkortzen hasiko dira.
 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun