Mertxe Retegi Petrikorena

«Egoitzan hobeki egonen nintzela erraten zidaten»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 18a, 11:30

Eratsunen jaio eta bertan bizi izan zen Mertxe Retegi Petrikorena (Eratsun, 1932) 23 urtera arte. Ezkondu zenean joan zen Lesakara bizitzera eta bertan bizi izan zen 63 urtez. «Ongi bizi izan nintzen Lesakan, etxean lan eginez, umeak hazi, lagunekin egon» eta alargundu zenean ere etxean bakarrik bizitzen jarraitzea zen bere asmoa.

Semearekin «sesioan» ere aritu omen zen, hark «etxean ezin nuela bakarrik egon» erraten zion eta Mertxek baietz «posible nuela pentsatzen nuen». Etxeko langile bat hartzea ere mahai gainean jarri zuten aukera moduan bakarrik egon ez zedin, baina Mertxeri ideia ez zitzaion aunitz gustatu. «Egoitza batean hobeki egonen nintzela erraten zidaten», etxean bakarrik edozer gertatuta ere laguntzarik ez zuela izanen eta halako batean «konformatu» zen proposamenarekin eta egoitzarako pausoa eman zuen. Eta ez da geroztik damutu.

Erabaki ona

«Hagitz kontent nago erabakiarekin» gaineratu du Mertxek, hori erraten die familiakoei, bertako langileei, lagunei eta baita Ttipi-Ttapari ere. Hasieran «etxearen txirrinta» izan omen zuen, baina iada ohitu da San Jose egoitzako egunerokora. Telebista pixka bat ikusi, irakurri, tarteka josi, eguzkia hartzera atera, paseatu. «Ez dut aspertzeko astirik izaten» eta bere zaletasunekin ingurukoen konpainiarekin aise pasatzen zaizkio egunak. Bisitak ere izaten ditu Mertxek, semea, bilobak, ilobak eta horren «kexarik ez» du.  2020ko itxialdia «gogorra» egin zitzaion, barrenean egon beharra eta «ezin inor etorri bisitan». Bideo eta telefono deiekin eramangarriagoa izan omen zen dena, «horrela ikusten genituen eta ez zen gutxi». Hilabete horiek kenduta, Mertxek «ez du inongo kexarik» azken hiru urtetako bere etxearekin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun