«Kontent naiz bertan»; jatekoa ona dela dio, langileekin duen harremana eta tratua hagitz ona, esker oneko hitzak bertzerik ez ditu bertakoentzat. Eguneko martxa hartua dutela dio Luisek, «goizetan txukun jartzen laguntzen didate, gosaltzeko denboran gosari elegantea izaten dugu egunero eta pasioan joaten gara ondotik». Boluntarioak ere joaten zaizkiela azaldu digu eta eurekin «hagitz ongi» moldatzen direla. «Batzuetan pentsatzen dugu hotel batean gaudela, igualtsua izanen dela pentsatzen dut». Baratzean ere aritzen da Luis, Manurekin batera «biok aritzen gara eta beti bada zer egina». Letxugak bildu eta gehiago paratu behar zituztela erran zion Ttipi-Ttapari elkarrizketa egindako garaian eta tomateak zaintzen ere izan dute lana. Berako udaletxeari «landare gehiago paratzeko kajoiak» eskatu behar zituztela erran zigun. Luisen ilobak egindako bisitetako batean mangera paratu zuen, landareak behar bezala ureztatzeko.
Familiarekin hartutako erabakia
Luisek astean bi aldiz izaten du etxekoen bisita. Anai-arrebak edo ilobak joaten zaizkio. Eurekin hartu zuen zahar etxera bizitzera joateko erabakia. «Hanka moztu zidatenean egoitza batean hobeki egonen nintzela» pentsatu zuten eta horrela lehenik Milagroko egoitzan egin zituen bortz hilabete inguru. Gero Beran lekua bazela erran zioten eta berriz ere Bortzirietara itzuli zen. Familiarentzat erosoagoa da «Milagron arront urruti nintzen» eta orain etxe ondoan naizela «aunitzez hobekiago» dagoela dio eta horrela «denak kontent» daudela. Oraingoz ez duela «etxera bueltatzeko intentziorik» erran digu.