Zahar etxeak, oraina eta etorkizuna

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 18a, 10:00
Mertxe Retegi, Amaia Pando, Leire Ardanza eta Luis Gerrarekin ezagutu dugu Berako San Jose zahar etxeko egunerokoa.

Mende laurden bete du Berako San Jose zahar exearen egoitzak. Historia aunitzez ere luzeagoa du, 1883an zabaldu baitzuten lehen egoitza. 25. urteurreneko ospakizunen ondotik bertako egunerokoa ezagutu nahi izan dugu zuzendariarekin, dinamizatzailearekin eta bi egoiliarrekin.

Familia  handi bat bizi da Berako San Jose zahar etxean, egoiliarrek, euren familiek eta bertako langileek osatzen dute. Gizartean geroz eta garrantzi handiagoa duten tokiak dira, baina era berean oraindik ere aurreiritzi aunitz daude euren inguruan. COVID-19ak eraginda urte gogorra izan bada, zahar etxeak bereziki  kolpatuak eta zigortuak izan dira. Zahar etxeak izan arren, oraina eta etorkizuna duten etxeak dira eta Beran hori hagitz presente dute.

Amaia Pando Aramendi (Bera, 1979) San Jose zahar etxeko zuzendaria da, 2020ko urtarrilaren 1ean hasi zen postu horretan lanean. «Kasualitatez ailegatu nintzen postu honetara», aitzinetik gizarte zerbitzuetan aritua zen lanean eta San Joseko zuzendariak utzi zuenean berari lehengo lana bukatzen zitzaion eta postua eskaini zioten. Gestio lanak dira Amaiaren eguneroko eginkizun nagusiak: Nafarroako Gobernuarekin dituzten plaza kontzertatuak kudeatu, hobetzeko gauzak antolatu eta langileen antolaketa daude bere lanen artean. «Azkenean urteko 365 egunetan, 24 orduz dago martxan eta engranajeak ongi funtzionatu behar du», denbora bertan ez da gelditzen.

Leire Ardanza Urrutia (Bera, 1982) duela 15 urte ailegatu zen lehen aldiz Berara. Ikasketak bukatu eta lehenengo Lesakako zahar etxean aritu zen, gero Elizondoko Benito Mennin, berriz Lesakara itzuli eta «hemen animatzaile bezala hasteko aukera suertatu zen». Erizain laguntzaile eta animatzaile lanak batera eginez hasi zen, «baina konturatu ginen zaharrek ez zutela noiz nuen lan bat eta noiz nuen bertzea bereizten». Hori ikusita animatzaile figuraren aldeko apustua egin zuten. Animatzaile bezala aritua zen bertze alor batzuetan eta bere apunteekin etorri zen, «konturatu nintzen ez zutela hemen balio eta zerotik hasi nintzen». 

Bizileku eta etxe

Zahar etxe baten definizioa eskatuta, bat etorri dira «aurreiritzi aunitz» daudela erraterakoan eta «normalean ez dira aurreiritzi hagitz positiboak». Adineko pertsonak, euren etxean bakarrik defendatzen ez direnean bizitzera joateko leku bat da, «labur-labur erranda bere etxea» gaineratu du Pandok. Jendeak kanpotik «toki grisak» direla uste du eta errealitatea aurkakoa dela diote. «Familiek ez dituzte zaharrak abandonatzen» jarraitu du, «hagitz sartuta daude egunerokoan eta euren ongizatean». Familia batentzat ez da erabaki erraza izaten «erruduntasun sentimendua izaten dute eta hausnarketa fase baten ondorioa da» familiako bat zaharren egoitza batera bizitzera joatearena. Seme-alabek euren buruari aunitzetan galdetzen omen diote «nola utzi behar dut hemen ama edo aita?», baina gero dena ongi doanean «aunitz lasaitzen dira».

«Zahar etxeen beharra handitu eginen da»

Amaia PANDO, zuzendaria

Leire Ardanzaren hitzetan «senideek parte-hartze aktiboa» dute egunerokoan eta bisitak egiteaz gain, «gauza eta ekintza aunitzen» parte dira. «Familiek eurek erraten dute bertze familia handiago baten parte sentitzen direla» eta egoiliarrek euren etxean izanen lituzketen gauzak «eskura jartzen saiatzen gara». Adineko aunitzek etxean goiz osoa bakarrik eta telebista ikusten pasa beharrean «hemen bertze mila plan eta zer egin» izaten dituztela azpimarratu du Leirek eta orduan «bizia eman diot» pentsatzen dute. 

Egokitzapena

Berako San Jose zaharren egoitzara ailegatzen den egoiliar berriak egokitzapen fase bat izaten du. «Sartu berriak direnean terapeutek eta Leirek garrantzi handia dute» dio zuzendariak. Ailegatu berria denaren bizitza eta historia jakiten ahalegintzen dira, ongi ezagutu zer bizitza izan duten, «garrantzitsua da zer interesatzen zaion jakitea» gehitu du. Ardanzak argi du, hasieran beraiekin denbora gehiago egon behar dutela, «horrelako etxe handi batean kokatu behar dute». Gakoa «laguntza eta motibazioa» direla dio. Kolpean bertara bizitzera joan beharrean, egokitzapen prozesuak ere proposatzen zaizkie egoiliar izanen direnei. «Aukera ematen diegu eguneko egonaldia egin eta zentrora ohitzen hasteko eta hilabetera edo bizitzera etortzeko».

Dinamizatzaile lana izanda, Ardanzaren burua «beti martxan» egoten da. Pandemiaren ondotik egoiliarrek «kanpora joateko beharra eta erlazionatzeko gogoa dute». Orain, beraz, ahal duten guztietan kanpora ateratzen saiatu dira eta horretarako hagitz garrantzitsua izan da boluntarioen laguntza. Urte osoko plangintza antzekoa izan dela dio. Egunerokoan berriz goizetan egunkaria leitzen dute, gimnasia ariketak eta egoiliarrek gustuko dituzten gauzak egiten dituzte «hainbat eskaintza egiten ditugu denak gustura egon daitezen». Horien artean daude, adibidez, baratzea, loreen zaintza, gozogintza edo jostea. Uda aldera, berriz, «ateratzea gustatzen zaigu» eta lau bat irteera edo egiten saiatzen dira. Era berean, Ardanzaren ustez, garrantzitsua da kanpoan gertatzen denarekin «erlazionatuta egotea» eta azken urteetan herriko bi ikastetxerekin, Labiaga Ikastolarekin eta Jesusen Bihotzarekin belaunaldien arteko proiektuak egin izan dituzte. Haurrekin hagitz giro «berezia» sortzen dela dio Ardanzak.

Geroz eta gizarte zaharragoa da gurea, jendea geroz eta adin gehiagorekin hiltzen da eta zahar etxeek geroz eta garrantzia handiagoa izan behar lukete. Eskaria eskaintza baino handiagoa da. San Jose egoitzak itxaron zerrenda bat du «horrek argi uzten du gizarte honek horrelako zerbitzuen eta etxeen beharra duela, behar hori handitzen joanen da» dio Pandok. Zahar etxe guztietan kexa bera dela dio «administrazioen apustua behar da, euren parte-hartzea». Berako San Jose egoitza fundazio bat da, autonomoak dira, nahiz eta Nafarroako Gobernutik diru laguntzak hartu.

COVID19-a

Pandok zuzendari kargua hartu eta hilabete gutxira ailegatu zen COVID-19. «Hasieran Txinako zerbait zen, urrutikoa eta Gasteizera iritsi zenean konturatu ginen hurbil zegoela». Ardanzak gogoan du Zestoako zahar etxea itxi zutenean hartu zutela eurek ere  ixteko erabakia «Nafarroako bertze zentroak baino lehen itxi genuen». Material falta oroitzen dute, ez zuten maskararik eta brikolaje denda batera joan ziren maskarak erostera «horiekin ibili ginen hasieran».Itxialdia zaharrentzat «sufrimendua eta zigorra» izan zela dio Pandok, «zigortu genituen elkarrekin bizi direlako eta koronabirusa sartuz gero bonba bat izan zitekeelako». Osasuna aitzinetik jarri behar dela dio, baina argi du «oraingo perspektibatik ikusita» ezin dela horretara itzuli. 

«Egoiliarraren nahiak betetzen saiatzen gara»

Leire ARDANZA, dinamizatzailea

Ezjakintasun horretan hilabeteak pasa zituzten COVID-19 kasurik gabe San Jose  egoitzan,  baina azaroan iritsi zen COVID-19a. Egoiliar batek sukarra zuela eta hurrengo egunean PCRak egin zituzten, zortzi kasu izan zituzten kolpean, hurrengo egunean bertze hainbertze. «Ez genekien nondik hasi, zer egin» dio Ardanzak, koronabirusaz zerbait gehiago jakin arren. Kaosak hartu zuen egoitza, ez baitziren egoiliarrak bakarrik gaixotu, langileen % 80ak ere positibo eman zuen. Eztanda baten modukoa izan zela erran dute «zaharrak euren logeletan itxita suhiltzaileak etorri ziren oheak mugitzen laguntzera eta eguneroko lana zein zen zekiten langileak falta» zela dio Pandok. «Orduak pasa eta egunak ez ziren bukatzen, negar aunitz egin genuen» gaineratu du dinamizatzaileak.

Elkarbizitza

Horrelako egoitza batean elkarbizitza ere batzuetan ez da erraza izaten. Etxe guztietan bezala daude «gaizki ulertuak eta errietak» dio Ardanzak, baina orokorrean «giro ona dugu eta badugu familia garen sentsazioa». Egun txarrak mundu osoak izaten dituela dio Pandok eta momentu batzuetan hemengo batzuek «nahiago lukete euren etxean egon». Baina hori «langileoi ere gertatzen zaigu» dio eta egunak aitzinera egiten du.

Amaia Pando eta Leire Ardanzari galdetu diegu ea zahartzen direnean San Jose zaharren egoitza bezalako lekuren batean imajinatzen duten euren burua.  Ez dute erantzun garbirik. Momentua ailegatzen denean erabakiko dutela diote, bitartean Berako San Jose zaharren egoitzako egoiliarren ongizatean jarraituko dute lanean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun