Berako Udalak, herrian gertatzen ari diren txikizioak ikusita, konponbidea emateko herritarrei bilera deialdia egin zien uztailaren 13rako. 33 lagun bertaratu ziren hitzordura. Alkateak, Aitor Elexpuruk, arazoa ageriko egin zuen eta bi bideak bereizi zituen: batetik, gaueko gehiegikerien eragina (materiala haustea, edukiontziak errekan...) eta, bertzetik, egunez egiten diren kalteak (frontoiaren erabilera desegokia, parkeetako zikinkeria, materiala haustea...).
Bortzirietako alkateak gaia lantzen ari direla nabarmendu zuten, «erantzun komun bat emateko» eta proposamenen artean «salaketa egiteko agerraldiren bat egitea» dute buruan. Horrez gain, bileran hainbat proposamen bildu zituzten:
- Zein diren ezagutu eta nola eragin ikustea.
- Isunen ordez gizarte lanak egitea.
- Kontratatutako pertsonekin gaueko zaintza egitea.
- Adingabekoen kalteei dagokionez gurasoen zer errana eta heziketa arazoa agertzea.
Bide batez, elkarte guztien artean sentsibilizazio-kanpaina egitea egokia izanen litzatekeela adierazi zuten eta «kalte horiek eragiten duten kostua zabaltzea egokia» dela iritzi zuten. Lan horretan, gainera, «gazte taldeak eta nerabeen familiak» sartu beharraz ere aritu ziren:
Egitekoak
Epe laburrean honakoak dira aurreikusi dituzten egitekoak:
- Kuadrilletako kideekin prebentzio plan bat egitea.
- Gurasoei Gizarte Zerbitzuetatik idazki bat bidali ardurak azpimarratuz.
- Agoitzen egindako bideoaren antzekoa Beran ere zabal daitekeen ikusi.
Epe ertainean «hausnarketa lantzeko arazo horiez galdetegiak lan daitezkeen» aztertuko dute eta, gerora begira, «egiten dena baloratu eta defendatzeko gazteen arteko auzolanak ere» egiteko aukera aztertuko dute.